Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Haurren minbizia

EiTB Maratoiak milioi bat euro baino gehiago bildu ditu, marka guztiak hautsiz

EiTB

Euskal gizarte osoaren elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, inoizko daturik altuena lortu du EiTB Maratoiak. Milioi bat aldiz, eskerrik asko!

  • EiTB Maratoiak marka guztak hautsi ditu.

    EiTB Maratoiak marka guztak hautsi ditu.

Haurren minbizia ardatz duen EiTB Maratoiaren 20. edizioak marka guztiak hautsi ditu, 1.022.154 euro bildu baititu jada. Elkarrekin gaudenean, gehiago ez ezik, hobeak ere bagara lelopean, euskal gizarte osoaren elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker lortu du EiTB Maratoiak inoizko daturik onena. Haurren minbiziaren borrokaren alde, denen artean egindako ahalegina bihotzez eskertu nahi du EiTBk. Guztiei, milioi bat aldiz, eskerrik asko!

Halaber, Zure bertsiorik onena ekimenak inoiz ez bezalako erantzuna izan du, 'Lau teilatu' kantaren 1.500 bideo baino gehiago jaso baititu EiTBk. Euskal Herriko txoko guztietatik, artistek, musika taldeek, abesbatzek, kaletarrek, esparru guztietako pertsona ezagun eta taldeek landu eta bidali dute 'Lau teilatu'ren bertsioa. 50.000 ahotsek baino gehiagok abestu dute Itoizen kanta ezaguna, eta elkartasun uholde hunkigarria sortu dute haurren minbiziaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko.

Atzoko elkartasun egun handian zehar dirulaguntzak batzeko ahalegin berezia egin zuten EiTBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus). Gainera, 150 aurpegi ezagun baino gehiago izan ziren EiTB Maratoiari laguntzen 902 54 25 25 telefonoa hartuz. Bestalde, eitb.eus-en eta Caixabankeko eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak. Kopuru horrek gora egin dezake oraindik, telefonoa ostiraleko 22:00ak arte egongo baita zabalik, eta Internet bidezko ekarpenak urtarrilaren 31ra arte egin ahal izango direlako.

Halaber, EiTB Maratoiaren aldeko hainbat ekimen eta ekitaldi egin dira haur minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko: enkante solidarioa, merchandising solidarioa, Gastroshow-a, EiTB Jaia, pintxo solidarioak, Bilboko Guggenheim Museoari besarkada, spinning jai erraldoia eta 'Ahotsak'en finaleko topaketa Gasteizen, besteak beste. Hezkuntza Sailaren bultzadari esker, eskolek ere hartu dute parte kanpainan, tailerrak eginez eta material didaktikoa landuz.

Euskal gizarteak elkartasunaren alde borrokatzeko ahalmena erakutsi du berriro, haurren minbiziaren inguruko EiTB Maratoiaren alde partaidetza zabala eskainiz.

Deigunean jasotako deiei dagokienez,  guztira 5.554 lagunek deitu dute: Bizkaitik 2.466, Gipuzkoatik 2.342, Arabatik 437 eta Nafarroatik 243. Iparraldeko, Errioxako, Kantabriako eta Burgosko deiak ere jaso dira. Diru-ekarpenei dagokienez, berriz, Gipuzkoa eta Bizkaia nabarmendu dira, biak ala biak kopuru berdintsuarekin.

Urtero bezala, emakumeak izan dira gehien deitu dutenak, eta aurten, gainera, bikoiztu egin dute gizonezkoen kopurua, bai deiei dagokienez eta baita diru-ekarpenei dagokienez ere.

Urtero legez, BIOEF Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak kudeatuko du EiTB Maratoian bildutako dirua. Fundazioak deialdi publikoa egingo du, besteak beste, ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenak hautatu eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotzeko. Hamargarren aldiz I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak; Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEP), hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da.

Bide batez, aurtengo elkartasun maratoian parte hartu duten guztiei euren laguntza eta kolaborazioa eskertu nahi die EiTBk

EiTBk enpresa eta erakunde hauek nabarmendu nahi ditu: Mila esker Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Hezkuntza Saila, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Orona, Euskaltel, Metro Bilbao, Vital Fundazioa, Irizar, Eroski, Laboral Kutxa, Mutualia, Cie Automotive, Caixabank, SS Hard-Versia, Kursaal, Zabalgarbi, Fundibide, Etxe-tar, Eusko Tren, Bilboko Portua, Forum Sport, Parke Sarea, San Juan Loteria administrazioa, Arin Innovation, Kaiku eta Lumagorri.

Enpresa eta erakunde horiez gain, baina, bereziki azpimarratu behar dira EiTB Maratoiarekin bat egin duten elkarteak: Aspanovas (Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartea), Aspanogi (Gipuzkoako minbizidun haurren gurasoen elkartea), Aspanafoa (Arabako haur minbizidunen gurasoen elkartea), La Cuadri del Hospi (haurren minbizia humanizatu, sozializatu eta ikertzeko eta hezur-muinaren donazioa jendarteratzeko gurasoen elkartea), SuperH (ikerketari eta minbizia edo gaixotasun larria duten haurrei laguntzeko elkartea) eta Adano (Nafarroako minbizidun haurrei laguntzeko elkartea). Eta ezin aipatu gabe utzi Gurutzeta Ospitaleko eta Donostia Ospitaleko haurren onkologia zerbitzuak.

Milioi bat aldiz, eskerrik asko!