Itxi

EITB TALDEA

Euskal zinema Zinemaldia

EITBk hamar bat euskal ekoizpenekin hartuko du parte 2021eko Zinemaldian

EITB Media

Tartean, 'Maixabel' pelikularekin, Sail Ofizialean lehiatuko dena. EITB Galan "Irabazi arte" gaztetxoentzako telesaila aurkeztuko da.

  • 2021eko Zinemaldiko euskal zinemaren aurkezpena. Argazkia: @sansebastianfes

    2021eko Zinemaldiko euskal zinemaren aurkezpena. Argazkia: @sansebastianfes

EITBk hamar bat euskal ekoizpenekin hartuko du parte 2021eko Donostia Zinemaldian, tartean Sail Ofizialean lehiatuko dena Maixabel filmarekin. Icíar Bollaínek zuzenduta, Blanca Portillo da bertan protagonista, Maixabel Lasaren paperean. Gainera, Euskal Irrati Telebistak  "Irabazi arte" gaztetxoentzako telesail berriaren lehen atala aurkeztuko du EITB Galan.

Ostegun honetan, abuztuak 26, aurtengo Zinemaldian izango dugun euskal zinemaren aurkezpena egin da Donostiako Tabakalera zentroan, eta bertan izan da Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia.

EITB ikus-entzunezko taldeak euskal zinemaren aldeko konpromiso estua erakutsi nahi izan du, beste behin. Hala, sektorearekin etengabe egindako lanari eta aliantzari esker, Zinemaldian aurkeztuko diren hamar bat produkziotan parte hartu du EITBK, zinemaldiko sail nagusietan aurkeztuko direnak; tartean, Sail Ofizialean lehiatuko den Maixabel filma, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian ere egongo den pelikula. Halaber, Zinemira Kimuak atalean izango diren 7 film laburrek ere EITBren partaidetza izango dute, Euskal Irrati Telebistak zinemagile berriekin duen konpromisoari eutsiz.

Euskal zinemari eskainitako saila da Zinemira, eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, besteak beste, EITBren babesarekin. Aurtengo edizioan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan izango ditu. Horietako zazpi Zinemaldian mundu-estreinaldiak izango dira eta, horregatik, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko aukera izango dute, Zinemaldiaren beste atal batzuen parte izango diren beste bi lanekin batera. Horrela, 9 ekoizpen lehiatuko dira, guztira, 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxerako edo ekoiztetxeetarako.

"Irabazi arte" telesailaren estreinaldia, EITB Galan

2021eko EITB Galan "Irabazi arte" telesail berriaren lehen atala aurkeztuko da. Javier García de Vicuñak zuzenduta, Pausokaren ekoizpena lan da. Ama galdu eta Bartzelonatik Euskadiko bere jaioterrira bizitzera joango den futbolari neska nerabe baten istorioa du oinarri. Euskarazko fikzioa da, gaztetxoentzat, eta nesken futbol talde baten bizipenak ekarriko dizkigu. Emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna bezalako baloreak jorratuko ditu.

EITB, talde publiko eta baloreak sustatu eta aldatzeko eragile gisa, gizarte berdinago bat lortzeko ahaleginaren aldeko apustua egin du, eta "Irabazi arte" telesailaren lehen atala aurkeztu du EITB Galan. Ikasturte honetan estreinatuko da lana EITBko medioetan.

Zinemira saria, Kimuak proiektuaren ibilbideari

Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek Kimuak euskal film laburrak babesteko programari omenaldia egitea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak bultzatutako programari, hain zuzen. Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da Zinemira Saria.