Itxi

EITB TALDEA

Saria

Mikel Reparazek gaztelaniazko saiakera onenaren Euskadi Literatura Saria irabazi du

EITB Media

ETBko albistegietako Nazioarteko arduradunak idatzitako 'Las grietas de America' liburua nabarmendu dute. Bertan, azken urteetan Estatu Batuetan gertatutako arrazagatiko gatazkak aztertzen ditu kazetari nafarrak.

  • Mikel Reparaz EITBko kazetaria

    Mikel Reparaz EITBko kazetaria

Mikel Reparaz EITBko kazetariak Euskadi Literatura Saria irabazi du gaztelaniazko saiakera atalean Las grietas de América liburuarekin. 2020ko irailean argitaratu zuen lan hau urte luzez EITBren AEBetako korrepontsal izan zenak. Bertako gizartea hobeto ezagutzeko gida moduko bat da, azken urteotan eman diren arrazagatiko gatazkak ulertzen laguntzen duena. Epaimahaiaren iritziz Reparazek proposatzen duen bidaia "bikain" idatzita dago eta "gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere".

Mikel Repazekin batera beste hiru saridun iragarri ditu asteazken goizean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Txani Rodriguez Radio Euskadiko kolaboratzaileak gaztelaniazko literatura ataleko saria irabazi du Los últimos románticos liburuarekin. Alex Gurrutxagarentzat izan da euskarazko saiakerako saria Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria lanarengatik. Azkenik, Javier de Isusiren Transparentes. Historias del exilio colombiano nabarmendu dute lan literarioen ilustrazioa atalean.

Izen horiek joan den astean iragarritako irabazleen zerrendari batu zaizkio: Pello Lizarralde (Argiantza), Anjel Lertxundi (Haltzaren mintzoa) eta Joxan Elosegi (Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak), literatura euskaraz, euskarazko haur eta gazte literatura eta euskarazko literatura itzulpena modalitateetako irabazleei.

Mikel Reparaz nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria da eta gaur egun ETBko albistegietako Nazioarteko arduraduna da. Aurretik, Estatu Batuetan eta Bruselan korrespontsal izan zen, eta EITBren bidali berezia lau kontinentetako hauteskunde, gatazka eta bake-prozesuetan.

Euskadi Literatura Sariak datorren azaroaren 18an banatuko dituzte Gasteizen.