Itxi

EITB TALDEA

EITB Albisteak

Frantziako hauteskundeei jarraipen zabala, EITBn

EITB Media

Euskadi Irratiko "Faktoria"k berezia egin du ostiralean, Paristik. Igandeko "Gaur Egun" eta "Teleberri"ko hauteskunde tarteak bertatik eskainiko dira; eta gauean saio bereziak izango dira ETB1en eta ETB2n, Paristik ere. Biharamunean, Radio Euskadiko "Boulevard" handik egingo dute.

0:26
Frantziako hauteskundeen inguruko saio berezia

EITB taldeko hedabideek jarraipen zabala egingo diete igande honetako Frantziako hauteskundeei. Presidentetzarako bozketen bigarren itzulia izango da, Emmanuel Macron eta Marine Le Pen hautagaien artekoa, eta ostiraletik aurrera saio bereziak izango dira. Irratian eta telebistan bereziak egingo dira Paristik bertatik, eta eitb.eus-ek azken ordukoa gertutik jarraituko du. Hala, euskal gizartearentzat informazioan eta zerbitzu publikoan erreferente izaten jarraitzeko asmoarekin, bertatik bertara jarraituko ditu EITBk Frantziako hauteskundeak.

Hasteko, ostiral honetan, apirilak 22, Parisetik egin da zuzenean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioa, Iñaki Guridik gidatutako lantalde baten eskutik, tartean Ander Arzak eta Jone Larrañaga. Mikel Rotaetxe bidali bereziarekin eta Olatz Simón EITBren Parisko berriemailearekin kanpainaren azken txanpa aztertu dute. Analisirako mahaia ere izan dute bertan, eta Frantzia iparraldeko eta hegoaldeko argazkia egiteko testigantzak bildu dituzte,

Igandean jarraipen zabala albistegietan

Apirilaren 24an, Euskal Telebistako albistegien zati bat Paristik bertatik egingo dute. Frantziako hiriburutik aurkeztuko dituzte Lierni Agirrezabalak "Gaur Egun" eta Xabier Ormazabalek "Teleberri". Horiekin batera, bertan izango dira Olatz Simon eta Nerea Reparaz EITBko kazetariak, bozketen azken ordukoen berri emateko.

Horrez gain, hauteslekuak itxi ostean, emaitzen berri emateko albistegi berezia eskainiko dute ETB2k (22:15an) eta ETB1ek (23:10ean). Xabi Ormazabalek aurkeztuko du ETB2ko berezia, eta Lierni Agirrezabalak, berriz, ETB1ekoa, biak ala biak Paristik. Oraingoan ere, Olatz Simón eta Nerea Reparaz kazetariek emaitzen azken ordua eskainiko dute.

Egun osoan zehar, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraipen zabala egingo diete hauteskundeei. Euskadi Irratian, hauteslekuak zabaltzen dituztenetik eta ixten diren arte, orduz orduko albisteen jarraipena egingo dute Parisen bertan eta Ipar Euskal Herrian dauden kazetarien eskutik. Radio Euskadin, berriz, Itsaso Güemesek eta Óscar Pérezek egingo dute jarraipena bertatik.

Webgunean ere jarraipen berezia egingo diote hauteskunde egunari, eta zuzeneko kontaketa egingo da egun osoan zehar. Albiste, bideo eta argazkiekin batera, emaitzak eta hauteskunde gauak ematen duen guztia jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, EITB Albisteak app-ean eta sare sozialetan.

"Boulevard" berezia, astelehenean, Paristik

Hauteskundeen biharamunean, berriz, "Boulevard" berezia egingo du Radio Euskadik Paristik, Xabier García Ramsdenen eskutik. 07:00etatik 12:00etara, emaitzen azterketa eta analisia egingo dute, bertako hainbat kazetariren eskutik. Parisen bizi diren hainbat euskaldunekin ere hitz egingo dute, eta saioan izango dute Arancha González Laya, Espainiako Gobernuko Atzerri ministro ohia eta Parisko Nazioarteko Gaietarako Eskolako dekanoa.