Itxi

EITB TALDEA

Albistegiak

EITB Ukrainan, gerra hasi zenetik urtea betetzear dela

EITB Media

Saio bereziak egingo dira Euskadi Irratian (otsailak 20) eta Radio Euskadin (otsailak 24); eta "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Ukrainatik egingo dituzte hilaren 24an. Kievera egingo dute bidaia EITBko hainbat kazetarik.

0:24

Ukrainako gerra hasi zela urte bat beteko da aste honetan, eta inoiz ez bezalako jarraipen informatiboa eskainiko du EITBk, lekuan bertan eta zuzeneko informazioa biltzen. Izan ere, hilaren 24an beteko da urtebete Ukrainako inbasioa hasi zenetik, eta EITBko hedabide guztiek jarraipen zabala egingo diote herrialde horrek bizi duen egoerari.

Telebistak zein irratiek ahalegin berezia egingo dute egoeraren berri bertatik eta zuzenean emateko eta, horretarako, Ukrainara egingo dute bidaia EITBko hainbat kazetarik. Han izango dira Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arlo burua, Euskadi Irratiko Iñaki Guridi eta Mikel Rotaetxe kazetariak; Radio Euskadiko Dani Alvarez, Xabier Garcia Ramsden eta Xabier Madariaga; eta Euskal Telebistako Xabier Usabiaga eta Africa Baeta. Ukrainako azken ordua jarraitzen ere arituko dira Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal EITBko korrespontsalak, eta saio eta eduki bereziak eskainiko dituzte EITBko albiste zerbitzuek aste osoan zehar.

Zehazki, "Faktoria" berezia egingo du Euskadi Irratiak otsailak 20an, eta Radio Euskadin ere "Boulevard" berezia izango da otsailaren 24an. "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak ere Ukrainatik egingo dituzte egun horretan, inbasioa hasi zeneko urteurrenean.

EITBko lantaldeak Ukrainan egiten duen lanaren erakusleiho izango da eitb.eus beste behin eta, adituen analisiak biltzeaz gain, gerrak gurera ekarritako ukraniarrei arreta berezia jarriko die.

Euskadi Irratiko "Faktoria" berezia otsailaren 20an

Duela urtebete hasi zen Ukrainako gerra, eta han izan da Euskadi Irratia, Iñaki Guridi buru dutela. Nolakoa da egunerokoa gerra egoeran bizi den herrialde batean? Nola ari dira egiten eskolak? Nola bizi dira familiak? Zein ondorio utzi ditu gerra honek? Ba al da sormenerako edo kulturarako edo zientziarako tokirik gerra egoeran bizi den herrialdean?

Gerrak gogorren kolpatutako tokietan egon dira, eta herritarren testigantzetan jarri dute arreta. Gainera, adituekin aztertu dute gatazkaren bilakaera. Asteburuan bertan hasi dira Ukrainatik lanean Iñaki Guridi eta Mikel Rotaetxe kazetariak eta Xabier Gallastegi teknikaria; eta astelehenean, otsailak 20, "Faktoria" berezia egin dute, zuzenean, Kievetik.

Radio Euskadin "Boulevard" berezia otsailaren 24an

Inbasioaren lehen urteak utzi duena jorratzeko Ukrainatik bertatik arituko da Radio Euskadi otsailaren 23tik aurrera, Xabier Madariaga eta Dani Álvarez bidali berezi gisa, eta Joseba Urruela teknikaria lagun dutela. Gainera, otsailaren 24an "Boulevard" berezia gidatuko du Xabier García Ramsdenek Kievetik, eta bertan hainbat gonbidatu izango dituzte, herrialdeak bizi duen egoera aztertzeko.

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Ukrainatik hilaren 24an

Euskal Telebistako albistegietan astelehenetik aurrera hasiko dira eduki bereziekin.

Gerrak urtebete egingo duen honetan, egoera zein den aztertzea da asmoa. Hango eguneroko bizitza nolakoa den, oraindik ere gerran egonik, erasoen minutuz minutukoa ahaztu gabe, noski. Horrez gain, Ukrainatik ihesean gurera etorritakoen bizimoduan ere jarriko dute fokua eta, horretarako, erreportaje bereziak egingo ditu Aintzane Bolinaga buru duen erreportari taldeak. Besteak beste, EAEko eskoletan dauden haurrekin egongo dira.

Erasoa hasi zela urtea betetzeko bezperan, otsailaren 23an, Kievetik egingo dituzte lehen konexioak Xabier Usabiaga eta África Baetak gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan; eta hurrengo egunean, otsailak 24, Ukrainatik egingo dituzte eguerdiko eta gaueko informatiboak.

Mikel Reparaz eta Mikel Ayestaran Ukrainako eremu ezberdinetatik ari dira egoeraren berri ematen, eta Ane Irazabal, berriz, Poloniatik.