Itxi

EITB TALDEA

Albistegiak

Gaurko albistegiak Kievetik eskainiko ditu EITBk, zuzenean

EITB MEDIA

Gaur Egun, Teleberri eta Boulevard albistegiek saio bereziak eskainiko dituzte Ukrainatik, inbasioaren lehen urteurrena dela eta.

0:30
EITBko lantaldea Kieven. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gaur beteko da urtebete Errusia Ukrainan indarrez sartu zenetik, eta urtemuga horren kariaz, EITB Kievera joan da albistegiak bertatik egin eta informazioa lehen eskutik jasotzeko. Hala, ostegun gauean "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek zuzeneko konexioak egin dituzte Ukrainatik.

Horretarako, lantalde handia bertaratu da: Xabier Usabiaga, Africa Baeta, Xabier Madariaga, Xabier Garcia Ramsden eta Dani Alvarez kazetariak, baita produkzio taldeko Edurne Arrieta eta irratiko teknikari Joseba Urruela ere.

Gaur, zuzeneko saioak eskainiko dituzte telebistak eta irratiak handik, Euskadi Irratiak otsailaren 20an egin zuen bezala.

Bestalde, eitb.eus-ek jasoko du, ohi legez, EITBko Taldeak Ukrainan egingo duen lana, eta bertan izango dira irakurgai baita adituen iruzkinak ere.

Radio Euskadin "Boulevard" berezia ostiralean

Inbasioaren lehen urteak utzi duena jorratzeko, Ukrainatik bertatik arituko da Radio Euskadi otsailaren 23tik aurrera, Xabier Madariaga eta Dani Alvarez bidali berezi gisa, eta Joseba Urruela teknikaria lagun dutela. Gainera, ostiral honetan "Boulevard" berezia gidatuko du Xabier García Ramsdenek Kievetik, eta hainbat gonbidatu izango dituzte bertan, herrialdeak bizi duen egoera aztertzeko.

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak, Ukrainatik 

Euskal Telebistako albistegietan, astelehenean hasi ziren eduki bereziekin. Gerrak urtebete egingo duen honetan, egoera zein den aztertzeko asmoz. Hango eguneroko bizitza nolakoa den, oraindik ere gerran daudela, erasoen minutuz minutuko jarraipena ahaztu gabe. Horrez gain, Ukrainatik ihesean gurera etorritakoen bizimoduan ere jarriko dute fokua, eta, horretarako, erreportaje bereziak egingo ditu Aintzane Bolinaga buru duen erreportari taldeak. Besteak beste, EAEko eskoletan dauden haurrekin egongo dira.

Erasoa hasi zela urtebete egin bezperan, gaur bertan, Kievetik egingo dituzte lehen konexioak Xabier Usabiagak eta Africa Baetak gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan; eta bihar Ukrainatik egingo dituzte eguerdiko eta gaueko albistegiak.

Mikel Reparazek eta Mikel Ayestaranek Ukrainako eremu ezberdinetatik ari dira bertako egoeraren berri ematen, eta Ane Irazabal, berriz, Poloniatik.