Itxi

Herriak eta Hiriak

Iruñea

% 14 igo da sanferminetan aurkeztutako salaketa kopurua

eitb.eus

Horietatik % 60 jaien esparruan egindako lapurretei dagozkie, eta 22 pertsona atxilotu dituzte delitu horiengatik, Udaltzaingoak plazaratu duen jaien balantzearen arabera.

  • Jende gehien biltzen dituen ekitaldietako bat da txupinazoa. Argazkia: EFE

529 salaketa aurkeztu dituzte Iruñeko Udaltzaingoaren aurrean 2018ko sanferminetan, iaz baino % 14 gehiago.

Udaltzaingoak hedabideei igorritako prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez, salaketen % 60 jaien esparruan egindako lapurretengatik aurkeztu dituzte (320 salaketa. Horiez gain, kalteak eragiteagatik (29), lapurreta indarra erabilita egiteagatik (22) eta lesioak eragiteagatik (15) aurkeztutako salaketak ere nabarmendu dira.

"Lapurreta egitea egotzita atxilotutako pertsona kopurua azpimarratzekoa da. San Fermin jaietako egun guztietan Udaltzaingoak operatiboa abiarazi du gune jendetsuenetan, horren moduko egoerak saihesteko, eta 22 pertsona atxilotu ditu, lapurtutako material asko berreskuratuta", dio oharrak.

Interbentzioetako batean, hiru pertsona atzeman zituzten, 16 telefono smartphone zituztela, autobus geltokian, Bartzelonarako bidea hartuko zutenean.

Guztira, 914 izan dira egindako interbentzioak. Horietatik, honako hauek nabarmendu ditu Udaltzaingoak: "202 bizikidetza arazoengatik; 131 beharrean zeuden pertsonak laguntzeko; 66 pertsonei egindako delituengatik; 64 ordenantza edo bandoak urratzeagatik; 49 zaratagatik edo eragozpenak eragiteagatik; eta 25 lapurretak indarkeria erabilita egiteagatik".

Sexu-askatasunaren aurkako delituak

Jaietan, hiru salaketa aurkeztu dira guztira sexu-abusuengatik, eta hiruna pertsona atxilotu dituzte.

Objektu galduen bulegoa

Udaltzaingoaren instalazioetan dagoen objektu galduen bulegoan edonolako 1.167 objektu aurkeztu dituzte sanferminetan.