Politika -
78ko sanferminak
Asironek harriduraz ikusi du 78ko sanferminetako pankartengatik deklaratzera deitzea
Poliziaren Burutzagitza Nagusiak hainbat pertsona deitu ditu deklaratzera, haien etxeetan Estatuko erakundeen aurkako "kalumniazko" edukia duten pankartak erakusteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Joseba Asiron Iruñeko alkateak igande honetan azaldu du harriduraz ikusten duela zenbait pertsona deklaratzera deitzea 78ko sanferminetako gertaeren inguruko pankartak erakustea egotzita. Poliziak German Rodriguez hil zuen tirokatuta sanfermin haietan, eta beste sei pertsona zauritu zituen.
Larunbat honetan Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Poliziaren Buruzagitza Nagusiaren ohar baten bitartez deitu zituen deklaratzera hainbat pertsona, haien etxeetan Estatuko erakundeen aurkako "kalumniazko" edukia duten pankartak erakustegatik.
"Ustekabekoa iruditzen zait" ekimen hori hartzea gertaera haietatik 40 urte bete direnean, adierazi du alkateak. Iruñeko herritarrek "ondo dakite eraso hura nondik etorri zen", azpimarratu du.
Eta "zalantzarik egon ez dadin" eta gertaerak "guztiz argitzea" lortzeko, 78ko sanferminetako dokumentu guztiak desklasifikatzeko deia egin du, izan ere, Asiron alkatearen ustez, "horrek dagoeneko eginda egon behar zuen".
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren hitzetan, gertaera haiek "argitzera iristeko" nahia erakutsita, honek "ez du justifikatzen Estatuko erakundeek sona galtzea, ezta Polizia Nazionalak egiten duen lanak ere, indarrean dagoen legea ezartzeari buruz".