Itxi

Herriak eta Hiriak

Balorazioa

1,5 milioi pertsonak baino gehiagok hartu dute parte sanferminetako ekitaldietan

Agentziak | Erredakzioa

Asironek jaien balantze 'bikaina' egin du, eta 'hainbat urtetan ezagutu dugun San Fermin jairik onenetariko bat' izan dela nabarmendu du.

1:39

1,5 milioi pertsonak baino gehiagok hartu dute parte 2018ko San Fermin jaietan Iruñeko Udalak antolatutako 490 ekitaldietan, hau da, iaz baino 500.000 pertsona gehiagok. Halaber, jasotako zabor kopurua %7,3 murriztu da.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak 2018ko sanferminetako balantzea egin du. Itziar Gomez Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako zinegotzi ordezkaria eta Maider Beloki Hezkuntza eta Kultura zinegotziarekin batera eman du prentsaurrekoa.

Asironek jaien balantze "bikaina" egin du, eta "giro ona" izan dela eta "ezbehar larririk egon ez" dela nabarmendu du. Alkatearen ustez, "urte askotan ezagutu ditugun sanfermin onenetarikoak izan dira"; "guztiok nahi genituen sanferminak berreskuratu ditugu", gaineratu du.

 

"Urte askotan ezagutu ditugun sanfermin onenetarikoak izan dira"

 

Horren harira, sanferminetan "guztiak balio du" irudia "iraganeko kontua" dela adierazi du; "udal gobernuaren eta lan egin, eta hau guztia posible zela sinetsi duten milaka pertsonen laguntzari esker" izan dela azaldu du.

Halaber, sexu-abusuengatik jarritako salaketak erdira jaitsi direla azpimarratu du, sei iazko hamabien aurrean, eta sexu-erasoengatik ez dela salaketa bat bera ere jarri. Horri dagokionez, eraso sexisten aurka hiriak duen "konpromisoa, irmotasuna eta determinazioa" baloratu ditu.

Iruñera joan den jendetzari buruzko datu ofizialik gabe, Asironek esan du eskualdeko hiriko garraioak 1,7 milioi bidaia egin dituela, Udalak aurreikusitako zifrak baino %5 gehiago. Hotelak iaz baino %2 eta %5 artean gehiago bete direla nabarmendu du, hau da, %85 eta 88 artean. Ostatuak, pentsioak eta aterpeak, aldiz, %95.

Bestalde, segurtasun indar guztiek jaso dituen salaketak % 14 igo dira aurtengo sanferminetan. 1.906 jarri dituzte, 2017an, aldiz, 1.671 ziren, urtebete lehenago, 1.923. Lapurretak zertxobait igo dira, %63 (1.219); 2017an, %61 ziren. Indarrez egindako lapurretengatik jarritako salaketak aldiz jaitsi egin dira, iaz %8 ziren, aurten, berriz, % 7,1 (136), eta lesioengatik %2,5etik %3 izatera pasatu dira (48).