Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilboko Aste Nagusia

Ikuskizun piromusikal batek amaiera emango die Bilboko su artifizialei

EiTB.EUS

'Su dantza' ikuskizuna Astondoa euskal enpresak diseinatu du, eta 22:30ean hasiko da. EiTBk ere zuzenean eskainiko du ikuskizuna: ETB1ean, eta eitb.eus webgunearen bitartez.

  • Bilboko su artifizialak. Artxiboko irudia: EiTB

    Bilboko su artifizialak. Artxiboko irudia: EiTB

Su artifizialak, Aste Nagusian gehien baloratzen den hitzorduetako bat, 'Su dantza' ikuskizun pirotekniko eta musikalarekin amaituko dira larunbat honetan, hura baita Bilboko Aste Nagusiaren 40. urteurrena ospatzeko antolatutako berritasunetako bat.

Su-erakustaldi hau Astondoa euskal pirotekniak diseinatu du, eta itsasadarretik argiz, soinuz eta kolorez betetako amaiera bikaina emango dio, 22:30etik aurrera, jaietako jarduera jendetsuenari, hura musikaz, argiz eta mugimenduz hornituz.

EiTBk ere zuzenean eskainiko du ikuskizuna: ETB1ean, eta eitb.eus webgunearen bitartez.

Soinu-ekipo berezi bat eta ur gaineko hiru plataforma (jaurtiketarako eta proiekzioa egiteko guneak izango dira) jarriko dituzte Campo Volantin pasealekuaren eta Guggenheim Museoaren parean; horrela, ahalik eta jende gehiena bildu eta ikuskizuna ondo ikusteko aukera emango dute. Izan ere, 100.000 lagun inguru espero dira.

Jaurtitzeko hiru gune jarriko dituzte itsasadarrean:

- Udaletxeko zubitik Zubizuriraino

- Zubizuritik Salbeko zubiraino

- Salbeko zubitik Pedro Arrupe zubiraino

Pedro Arrupe zubiaren eta Udaletxeko zubiaren artean, itsasadarraren bi aldeak izango dira egokiak ikuskizuna ondo ikusteko. "Suak ikusteko eremua aldatu egingo da suen azken egun honetan, eta itsasadarraren alde bietara joan beharko da. Batean, Campo Volantín pasealekua eta Unibertsitate etorbidea, eta Uribitarte pasealekua eta Abandoibarra, bestean, Udaletxeko zubiaren eta Pedro Arrupe zubiaren arteko tarteetan. Ikuskizuna ondo ikusi ahal izateko, itsasadarraren aurrean jarri behar da, zubietan ez, zubietatik ez baita ondo ikusiko", adierazi du Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak.

Aldaketak trafikoan

Ikuskizun horren ondorioz, jaurtiketa-eremuaren barruan dagoenez, 21:30ean itxi egingo dira Pedro Arrupe zubiko eta Zubizuriko oinezkoentzako sarrerak, eta ikuskizuna amaitu arte egongo dira itxita.

Segurtasunagatik, Udaletxeko zubiko espaloia ere mugatuko da (Udaletxearen aldeko espaloia, Oteitzaren eskulturaren ondoan), eta oinezkoak galtzadatik pasatu ahalko dira, bide hori trafikoarentzat itxita egongo delako.

Era berean, Salbeko zubia mugatuta egongo da espaloi bietan eta eskaileretan. Ondorioz, zubiko oinezkoen pasabidea suak hasi baino ordubete lehenago itxiko dute. Ibilgailuen trafikoa normala izango da bertatik, eta igogailuek ere denbora guztian egongo dira martxan.

Gomendatzen da zubietara ez joatea suak ikusteko, handik ezingo baita ikuskizuna behar bezala ikusi.

21:30etik aurrera eta oinezkoen kopurua gutxitu arte, trafikoa eten egingo da kale hauetan:

- Campo Volantin

- Unibertsitate etorbidea

- Abandoibarra (Udaletxeko noranzkoa) Leizaola etorbidetik

- Uribitarte pasealekua, kalea eta arrapalak

- Ramon Rubial kalea; ezkerretara bakarrik jiratu ahal izango da.

Jende-pilaketaren arabera eta Udaltzaingoaren irizpideari jarraituta, gune bakoitzean baimendu egingo dira garajeetako eta aparkalekuetako sarrera-irteerak eta egoiliarren eta taxien pasabidea.

Errekara jaisteko eskailerak eta pantalanak ere itxita egongo dira elementu piroteknikoak kargatzen diren unetik. 16:30etik aurrera, debekatu egingo dira itsasadarreko jarduera guztiak Udaletxeko zubiaren eta Arrupe zubiaren arteko tartean.

Aholkuak

Ikuskizuna segurua izan dadin, Bilboko Udalak gomendatzen du su artifizialak erre bitartean kontuz ibiltzea eta segurtasun-neurri hauek guztiak kontuan izatea:

- Ez sartu segurtasun-eremuan

- Lurrean lehergaiak aurkituz gero, ez hartu eta Udaltzaingoari deitu berehala

- Suen ostean, patxadaz hartu batetik besterako joan-etorriak

- Kasu egin Udaltzaingoak esandakoari, eta agenteengana jo, edozein larrialdi gertatuz gero

- Ez eraman animaliarik su artifizialak ikustera

- Umeekin edo mugikortasun-arazoak dituzten pertsonekin bagoaz, kontu handiz ibili ikusle ugari biltzen diren eremuetan, zubietan esaterako

- Jendea pilatzen den eremuetako bat ebakuatu behar bada, kontuan izan zein den ihes egiteko biderik egokiena