Itxi

Herriak eta Hiriak

Aste Nagusia 2018

Kalean zebiltzan emakumeei eraso egin dietela salatu dute Bilboko Konpartsek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean Aste Nagusiko jaietan, hainbat emakumek jasandako eraso fisikoak eta hitzezkoak salatzeko.

1:04

Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin dute igande honetan Bilboko Areatzan, 19:30ean, Aste Nagusiko jaietan hainbat emakumek salatutako sexu-ukituak gaitzesteko. Zehazki, irmo errefusatu dituzte larunbat goizaldean zenbait emakumek pairatutako eraso fisikoak eta hitzezkoak.

Hogei minutuko elkarretaratzearen ostean, konpartsek agiria irakurri dute, erasoaren nondik norakoak azaltzeko. Kalean zebiltzan zenbait emakumeei ahoz eta fisikoki eraso die gizon batek. "Eraso sexista eta xenofoboa izan da", salatu dute. Emakumeek aurre egin diote erasotzaileari, eta horien "jarrera ausartari esker", horren inguruko informazioa batu, eta identifikatu egin dute.

Horrelako jazoerak "irmo eta sendo gaitzetsi" ditu Bilboko Konpartsak, eta adierazi du oso larria dela "emakumeen askatasuna urratzea helburu duen edozein ekintza biolento".

"Emakumeei jazarpena edo eraso egiten dietenak ez ditugu jaietan nahi", ohartarazi, eta honakoa gaineratu dute: "Autodefentsa sustatzen eta jaiaz gozatzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, elkar errespetatuz. Erasotzailerik gabeko Aste Nagusia nahi dugu".

Igande goizean Aste Nagusiko balorazio ofiziala egin du Juan Mari Aburto alkateak. Jendetza ibili dela eta eragin ekonomikoa oso handia izan dela nabarmendu du, baina sexu-erasoak direla-eta lau salaketa jarri dituztela jakinarazi du; azkena igande goizaldean izan dela eta horrekin lotuta gizon bat atxilotu dutela azaldu du.