Itxi

Herriak eta Hiriak

Jaien balantzea

Milioi eta erdi bisitari izan dira aurtengo Bilboko Aste Nagusian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2017arekin alderatuta, 200.000 lagun gehiago. Gainera, lau emakumek salaketa aurkeztu dute sexu-ukituengatik. Zabaldutako udaltzaingo kopurua zuritu du alkateak, "segurtasuna bermatu zezaten".

1:38

Milioi eta erdi lagun izan dira 2018ko Bilboko Aste Nagusian, Bilboko Udalak jakinarazi dituen hasierako balantzearen arabera. 2017arekin alderatuta, 200.000 lagun gehiago izan dira aurtengo jaietan. Horietako milioi erdi musika-emanaldietan izan dira, 100.000 batek Balyren Desfilean parte hartu du eta gainerakoak, ordea, larunbat gau honetan izandako su eta musika ikuskizunean aritu dira.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak agerraldia egin du igande honetan, jaietako lehen balorazioa egitera, Aste Nagusiaren amaieraren atarian, alegia; izan ere, gaur gauean Marijaia erreko dute itsasadarrean eta horrek amaiera emango die aurtengo jaie.

Aburto "oso pozik" azaldu da, eta astea "oso oso positiboa" izan dela azpimarratu du.

Bestalde, eraso sexistei dagokienez, lau emakumek salaketa aurkeztu dute sexu-ukituengatik. Horietako hiru txosna-gunean jazo ziren eta laugarrena, berriz, txosnetatik kanpo. Salaketa horiengatik atxilotu bakarra izan da.

Horren harira, Aburtok herritarrak deitu ditu emakumeak "askatasunez kalera irten daitezen".

Jaietan zabaldutako udaltzaingo kopuruei buruz, konpartsak salatu egin dute operatibo handiegia izan dela, eta txosna gunea "zona militarizatu" bihurtu dutela. Kritika horiek ukatu ditu Bilboko alkateak, esanez polizia kopurua egokia izan dela, herritarren "segurtasuna bermatzeko asmoz".

Bilboko Udalaren kalkuluen arabera, Aste Nagusiaren inpaktu ekonomikoa 80 milioi eurokoa izango da.

Hotelen okupazioari dagokionez, % 85 eta 87 artekoa izango dela aurreikusi du, eta hainbat guztiz bete direla. Egunotan Bilboko Aste Nagusiaz gozatzen ari diren pertsonen % 14 Euskadi kanpotik datorrela kalkulatu dute.

 

 

Bilboko Udalaren kalkuluen arabera, Aste Nagusiaren inpaktu ekonomikoa 80 milioi eurokoa izango da.