Itxi

Herriak eta Hiriak

71. edizioa

135 baserritarrek 275 saltoki jarriko dituzte Bilboko San Tomas azokan

Agentziak | Erredakzioa

Talo onenaren lehiaketa aurtengo berritasun nagusia izango da, BilbaoDendak elkarteak antolatuta.

  • San Tomas 2017 Bilbon. Artxiboko argazkia: Inocencio Goikuria

    San Tomas 2017 Bilbon. Artxiboko argazkia: Inocencio Goikuria

Bilboko San Tomas azokaren 71. edizioak 275 saltoki izango ditu. 135 baserritarrek sasoiko produkturik onenak salgai jarriko dituzte bertan, eta horietako askok fruta, barazki, gazta, ogi, txakolina, gozoki, ezti, animalia eta landare lehiaketetan parte hartuko dute.

Txosnak ez dira faltako, ohitura den bezala, talo eta txorizoa dastatu ahal izateko. Hain zuzen ere, talo onenaren txapelketa aurtengo berritasun nagusia izango da, BilbaoDendak elkartearen ekimenez.

Egunean zehar 100.000 bat pertsona azokara hurbiltzea espero du BBK Fundazioak. Merkatuak hiru eremu izango ditu: Areatza (172 saltoki), Arriaga Plaza (48) eta Plaza Barria (55).

Produkturik onenak saritzeko San Tomaseko 13 golardoak –iaz baino bat gehiago- Euskal Museoan banatuko dituzte. Gainera, txakolina eta gazta dastatzeak egingo dituzte bertan, Bizkaiko Txakolinak eta Idiazabal Jatorri-izenak antolatuta.

Genero indarkeria

Bestalde, genero indarkeriaren aurka eta berdintasunaren alde lan egiten duten Bizkaiko elkarteak goraipatuko ditu azokak aurten, BBKk egingo duen inaugurazio ekitaldian.

Honenbestez, abenduaren 21ean, festa, gastronomia eta musikaz gain, elkartasunak bere txokoa izango du azokan; izan ere, indarkeria matxistako biktimen alde “elkarteok Bizkaian egiten duten lan handia aitortzea bidezkoa” dela uste du BBKk.

Horrela, azokak 'Puntu Lila' izango du Areatzan. Nerabeei zuzendutako jarduera ezberdinak aurrera eramango dituzte bertan, genero indarkeriaren inguruko prebentzioa eta sentsibilizazioa areagotzeko.