Itxi

Herriak eta Hiriak

Eguraldia Bilbon eta Donostian

Giro polita eta tenperatura epela, San Tomas egunean

eitb.eus

Lehen orduetan, lainotuta egongo da, eta ez da baztertzen tanta gutxi batzuk botatzea, baina egunak aurrera egin ahala hobera egingo du. Tenperaturek, gainera, gora egingo dute.

  • Jai giroa iazko azokan, Bilbon

    San Tomas 2017, Bilbon. Argazkia: Marcos Ferrer

Urtero bezala, milaka pertsona joango dira abenduaren 21ean Bilbora eta Donostiara, San Tomas eguneko azoketara. Iragarpenaren arabera, eguraldiak, euriak bederen, errespetatu egingo du Gabon aurreko jai herrikoia.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, oso antzeko eguraldia izango da ostiralean Bilbon eta Donostian; gorabehera bakarra haizea izango da, zakarrago joko baitu goizean Donostian.

Horrela, lainotuta abiatuko dute eguna bi hiriburuetan. Tenperatura minimoak 9 eta 10 gradukoak izango dira. Goizean, hodeiak izango dira zeruan, baina egunak aurrera egin ahala, eguraldiak hobera egingo du. Dena dela, ez da euririk espero. Tenperatura maximoei dagokienez, 16 gradu inguruan egongo dira Donostian, eta gradu bat gehiago, 17 gradu, Bilbon.