Itxi

Herriak eta Hiriak

DONOSTIA

Haur Danborrada astelehenean aterako da igandean bertan behera geldituz gero

EITB.EUS

Iragarpenen arabera, euria egingo du igandean. Astelehenean ere eguraldiagatik bertan behera geldituko balitz, Udalak beste egunen batean egitea aztertuko luke.

  • 2018ko Haurren Danborrada

    2018ko Haurren Danborrada. Argazkia: EFE

Urtero legez, hiritarrak irrikaz daude San Sebastian (urtarrilak 20) eguna noiz iritsiko, danbor hotsez eta jaiaz gozatzeko. Eguraldi iragarpenen arabera, euria egingo du igandean eta, ondorioz, litekeena da haur danborrada eguraldiagatik bertan behera gelditzea. Haur danborrada urtarrilaren 20an, 12:00etan, hastea dago aurreikusita.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, urtarrilaren 20an eguraldi txarra eginez gero, haur danborrada urtarrilaren 21ean, astelehenean, egingo litzateke. 21ean ere ezinezkoa balitz, Udalak beste egunen batean egiteko aukerak aztertuko ditu.

8.249 umek parte hartuko dute 2019ko Donostiako Haur Danborradan.

Anne Vicente de la Fuente izango da 2019ko Danbor Nagusia. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren. Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak: Alkatea, Notarioa, Easo Ederra eta bi damak, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.

Eguraldiaren iragarpena

Iganderako eguraldi ezegonkorra espero da. Euri zaparradak sarri botako ditu eta, tarteka, mardulak ere izango dira. Tarteka atertu eta ostarteak zabalduko dira. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta tenperatura jaitsi egingo da.