Herriak eta Hiriak
Urrezko Danborra
Kaleratzeak Stop plataformako Rosa Garciak jaso du Donostiako Urrezko Danborra
Agentziak | Erredakzioa
Eneko Goia alkateak eman dio saria etxegabetzeen aurkako aktibistari. Alokairuen "burbuila arriskutsuaz" ohartarazi du Garciak.
Rosa Garciak, etxegabetzeen aurkako aktibistak, Donostiako Urrezko Danborra jaso du, aurten izaera soziala eta aldarrikatzailea izan duen ekitaldi ospetsuan.
Donostiarren aitorpena jaso du Garciak udalbatza-aretoan, kalean danborren eta barrilen hotsa nagusi zen bitartean. Azkenean, 5.000 umek kaleak hartu dituzte haurren danborradan, eguraldi txarrari aurre eginez.
Izaera soziala izan du Urrezko Danborra banatzeko ekitaldiak. Izan ere, Rosa Garcia Kaleratzeak Stop elkarteko kidea da, eta Donostiako "B aldea" nabarmendu nahi izan du. Turismotik haratago, "elkartasunez, konpromisoz eta berdintasunez betetako" hiria dela azpimarratu du.
Madrilen jaio zen 1948an, baina donostiar peto-petoa da. Ezin izan dio negarrari eutsi saria jaso duenean. Kaleratzeak Stop plataforma osoari eskaini dio, eta esan du "etxebizitza duin baten aldeko borrokak aurrera" jarraitzen duela.
Hitzaldian, Garciak "alokairuen neurrigabeko prezioen burbuila arriskutsuaz" ohartarazi du, eta Eneko Goia alkatea alboan zuela aprobetxatu du "hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko neurri ausartak" eskatzeko.
Goiak esan duenez, aurtengo Urrezko Danborra "oso berezia da", Rosa Garcia "ez delako pertsona ezaguna, eta inoiz ez duelako izateko asmorik izan". Baina, hori bai, "emakume borrokalaria, konprometitua, solidarioa, altruista, eskuzabala, nekaezina eta langilea" dela aitortu du.
Donostiako jaia gauerdian bukatuko da, bandera jaistearekin batera.