Itxi

Herriak eta Hiriak

2019ko Danborrada

Festa lehertu da Donostian

eitb.eus

Danbor-hotsak hiria hartu du, eta euriari aurre eginez, danborradez gozatzen ari da Donostia. Banderaren igoerak eta San Sebastian martxak hasiera eman diote festa handiari.

   Donostiako danborrada 2019

Danbor-hotsak Gipuzkoako hiriburua hartu du. Donostiarrek euriari aurre egin diote San Sebastian egunari eta festari hasiera emateko. Urtero bezala, Gaztelubidek ireki du 2019ko Danborrada. Eneko Goia alkateak bandera igo duenean, Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxaren doinuekin batera, festa lehertu da Gipuzkoako hiriburuan.

Elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan afari tradizional egin ostean, donostiarrek, euritakoa eskuan hartuta, Konstituzio plaza bete dute jaiari ongi etorria egiteko, berriz ere, danborren hotsekin.

18.399 lagunek hartuko dute parte, San Sebastian egun osoan zehar, helduen danborradetan. 10.718 gizonak dira, eta 1.681, emakumeak. Guztira, 147 danborrada izango dira.

Danborraden artean, 137 mistoak dira, bederatzi gizonezkoenak eta bat emakumezkoena. Aurten lau danborrada berri irtengo dira: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada Sjc, Englishtarrak Elkartea eta Matiazaleak.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, egunean zehar zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Gainera, San Sebastian egunaren bigarren partean baliteke zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorrarekin batera botatzea.

Haurren danborrada

Txikientzat ere badago festa, eta handia. Goizean zehar, haurren danborradako protagonistak izango dira. 12:00etan hasiko da desfilea, baina lehenagotik, 8.249 umek Alderdi Eder beteko dute. Euria egingo balu, astelehenean egingo lukete danborrada.

Anne Vicente de la Fuente izango da 2019ko Danbor Nagusia. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren. Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak: Alkatesa, Notarioa, Easo Ederra eta bi damak, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.

2019ko Urrezko Danborra

Rosa Garcia ekintzaile eta Kaleratzeak Stop plataformako kideak jasoko du, eguerdian Udaletxean, aurtengo Donostiako Urrezko Danborra. 3.666 donostiarrek parte hartu duten bozketa batean aukeratu dute Rosa.

Larunbat arratsaldean banatu dira Hiritar Merezimenduaren Dominak. Elizaran Ikastetxeak, Gaztetxo Antzerki Taldeak eta Eragin, Hazi eta Ikasi eta Ancora elkarteek jaso dituzte.

Jaia, Donostian bakarrik ez

San Sebastian eguna ez da Gipuzkoako hiriburuan soilik ospatzen. Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan ere egun handia dute urtarrilaren 20a, eta egitarau zabala prestatu dute.

Azpeitian helduen danborrada egin dute. Eguerdian hasi dute festa. San Sebastian egunez, haurren danborrada izango dute. Sokamuturra ere ez da falta izango, beste hainbat ekitaldirekin batera. Gauerdian amaituko dute jaia.

Nafarroan ere ospatzen dute San Sebastian, Lakuntzan eta Tafallan.