Itxi

Herriak eta Hiriak

Balantzea

Udalaren hitzetan, Donostiak festa 'biribila' itxi du 'egundoko zenbakiekin'

Agentziak | Erredakzioa

Udalak azpimarratu duenez, jaia igandean ospatzeak “parte-hartzea are gehiago areagotu du”.

  • Danborrada 2019. Artxiboko argazkia: EFE

    Danborrada 2019. Artxiboko argazkia: EFE

San Sebastian Eguna “biribila” izan da aurten, eta “egundoko zenbakiak” izan ditu parte-hartzeari zein bertaratutako jendetzari dagokionez. “Urteko jairik partizipatiboena” dela berretsi du danborradak.

Alfonso Gurpegui Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez, festa igandean ospatzeak “parte-hartzea are gehiago areagotu du” urtarrilaren 20an antolatutako ekitaldi ezberdinetan.

40.000 bat pertsonak Haurren Danborrada bertatik bertara jarraitu zuten igandean. Horrela, iazko datuak gainditu ziren, “ezinezkoa bazirudien ere”, Gurpeguik azpimarratu duenez. Inguruko herrietatik iaz baino % 10 publiko gehiago hurbildu da Donostiara. “Frantziarren presentzia esanguratsua”, nabarmendu du zinegotziak.

“Iragarpen batzuek kontrakoa esan arren”, eguraldiak San Sebastian Egunaren zati handi bat errespetatu zuen, Gurpeguik ziurtatu duenez. 18.399 pertsonak parte hartu zuten nagusien 147 danborradetan, eta 8.249 adingabek haurren 53 danborradetan.

Ospakizun guztiak “zalantzarik gabe, biribilak” izan dira

Eguraldiari adi, baina Haurren Danborrada 12:00etan abiatu zen Alderdi Ederretik, radar meteorologiek zeru estalian “leiho” bat irekitzeko aukera iragarri ondotik. Horrela gertatu zen, “euria egin zuen, baina huskeria”, eta txikienek “ikuskizun kolorista, atsegina eta zaratatsua” eskaini zuten. Ibilbidea 42 minututan bete zuten.

Bestalde, bandera-jasoeraren arrakasta goraipatu du Gurpeguik. Era berean, jaistean izan zen parte-hartze handia nabarmendu du zinegotziak, hirian 24 orduko jai etengabeari amaiera emanez.

Urtarrilaren 20ko zein aurreko egunetan egindako ospakizun guztiak “zalantzarik gabe, biribilak” izan direla ondorioztatu du Gurpeguik; izan ere, “ekitaldi guztiak garaiz hasi dira” eta “danborradetan” ez da “istilu” esanguratsurik gertatu.