Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZKO JAIAK

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin jasoko dituzte salaketak Gasteizko jaietan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegora jo ahal izango dute abuztuaren 4tik 9ra, egun osoan zehar.

  • Koordinazio Batzordea.

    Koordinazio Batzordea. Argazkia: Gasteizko Udala.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egingo dute lan Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoan, Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra, herritarren salaketak jasotzeko.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko harremanak areagotzeko, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iaz adostutako hitzarmenaren esparruan elkarlanean arituko dira.

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak osatzen duten Koordinazio Batzordea gaur goizean bildu da hiriburuko udaletxean. Ertzaintzaren Olagibel kaleko Herritarren Arretarako Bulegoa bi polizia-kidegoek elkarrekin erabiltzea erabaki dute, egunean 24 ordutan.

Agirrelandako Udaltzaingoaren egoitzara jo beharrean, salaketa jarri nahi duten biktimei erraztasunak hirigunean bertan ematea da ekimen horren helburua.

Olagibel kaleko bulegoan salaketak jasoko dituzten udaltzainek ordenagailu eramangarriak erabiliko dituzte, jasotako salaketak Udaltzaingoaren egoitzara bidaltzeko.

Delitu-motak

Polizia-kidego bakoitzaren eskumenen arabera eta salatu nahi den delitu-motaren arabera jasoko dituzte salaketak Ertzaintzak edo Udaltzaingoak. Horrez gain, salaketa jarri aurretik polizia-jardueraren bat izan den hartuko dute kontuan, eta salaketa egin nahi duen pertsonaren lehentasunak.

Bestalde, iritsi ahala jarriko dituzte salaketak, baina lehentasuna izango dute sexu-askatasunen aurkako delituak eta genero-indarkeria delituak salatu nahi dituztenek.