Gizartea -

GASTEIZKO JAIAK

Osasun arloko hiru langile boluntariok jaurtiko dute Gasteizko jaietako txupinazoa

Imanol Vegak, Adela Fonsecak eta Francisco Granadosek baliabiderik ez duten pertsonei ebakuntzak egin eta material ortopedikoa eskaintzen diete Bolibian eta Beninen.

Gorka Urtaran 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako txupineroekin batera. Argazkia: Gasteizko Udala.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako txupineroekin batera.
Osasun langile boluntarioek botako dute txupinazoa Andre Maria Zuriaren jaietan

1:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri du 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa Imanol Vega traumatologoak, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentistak eta Francisco Granados ortopedistak botako dutela abuztuaren 4an, 18:00etan. Bolivian eta Beninen, arazo larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei urtero ematen diete arreta hiru mediku horiek.

Urtaranek azaldu duenez, sufritzen dutenei eta arazoei aurre egiteko baliabiderik ez dutenei laguntzeko denbora eta dirua eskaintzen dizkieten pertsonei hiriaren esker ona eman nahi die hautaketa horren bidez. “Lan hori musu-truk egiten duten auzokideak izateaz oso harro gaude”, adierazi du alkateak.

Ekintza solidarioak

Denok Osasunaren Alde (DOA), Les Enfants du Noma (Nomako Umeak) eta haiek sortutako Traumatologia eta Ortopedia Laguntzako Elkartea (Asociación de Ayuda en Traumatología y Ortopedia, ADATO) izeneko irabazi-asmorik gabeko elkartearekin batera, hainbat ebakuntza musu-truk egiten dituzte, eta material ortopedikoa eskaintzen dute mediku boluntarioek Afrikan eta Hego Amerikan.

Malformazioak, anputazioak, hausturak edota elikadura gabeziak dituzten pertsonei ematen diete arreta. Orokorrean, herrialde horietan bertan ematen dizkiete arreta eta materiala, baina batzuetan gaixoak Gasteizera eraman dituzte arreta jasotzera.

Boluntario lanak direla eta, Arabako Medikuen Elkargoak 2018an saritutako Imanol Vegak Beninen eta Bolivian egiten duen lana azaldu du eta “kooperazio osoaren izenean” eskerrak eman ditu.

Medikuek bertako langileekin batera egiten dituzte ebakuntzak, horiei prestakuntza emateko. Hala ere, Vegaren esanetan, eurak ere hango langileengandik ikasten dute. “Ezagutza daukate, baliabiderik izan ez arren. Misioetatik eramaten duguna baino askoz gehiago ekartzen dugula esaten dugu beti”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Andre Maria Zuriaren Jaiak Araba Gorka Urtaran Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Gasteizko jaietako egitaraua