Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

"Neurri berrien eragina 15 egunean ikusiko da kalean eta lau astean ospitaleetan"

EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS

Felix Zubia Donostiako ospitaleko ZIUko medikuaren ustez, "eremu pribatuan soilik etxe berekoekin elkartzeko neurria", Nafarroan ezarri zena, EAEn ere aplikatu beharko litzateke.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikua, ETBko bideo batetik hartutako irudian.

    28:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hurrengo lau asteak "bereziki gogorrak" izango direla aurreikusi du Felix Zubia Donostia ospitaleko zainketa berezien unitateko medikuak. Euskadi Irratiko Osasun Etxean azaldu du, Nafarroa adibide jarrita, neurrien eragina bi astetara nabaritzen hasten dela kalean, baina lau aste beharko direla ospitaleetan nabaritzen hasteko.

Gogoratu du Nafarroan urriaren 25ean hartu zirela neurriak eta aste honetan hasi direla kutsatzeen beherakada nabaritzen. Ospitaleetan, alabaina, oraindik ez dute hobekuntzarik nabaritu. Bertako hainbat lankiderekin hitz egin duela ere kontatu du: "Ospitaleratzeak jaisten hasteko zain daude, benetan estu baitaude".

Zubiak dio geroz eta gaixo gehiago dituztela zainketa berezietan, eta ohartarazi du egoera aste batzuetan hobetzen ez bada osasun sistema guztia egon litekeela arriskuan. "Donostiako ospitaleko ZIUan, abidibidez, egunean 3, 4 edo 5 gaixo berri sartzen zaizkigu. Batzuk ateratzen ditugu, eta, noski, alde horretatik pozik gaude; gehien-gehienak ateratzen ari gara, baina geroz eta gaixo gehiago ditugu, eta osasun sistema osoa arriskuan jartzeko hurbil xamar gaude".

Izan ere, oheak eta makinak areagotu dituztela aipatu du Zubiak, baino gaixoak artatzeko jende espezializatua behar dela aldarrikatu du, "gaixo kritikoak zaindu ditzakegunak gutxi gara". Gehitu du osasun langile bat ez dela egun batetik bestera espezializatzen, eta horretan ere lanean ari diren arren, ZIUetan lan egiten dutenek onartuta daukate "lan gehiago egitea" tokatuko zaiela. Espezialistak berehala gehitu ezin daitezkeenez, kutsatze oldea jaisten hastea da euren esperantza.

Nafarroan hartu diren neurrien inguruan, ostalaritzaren itxierak mesede egin duela aitortu du -sektore horri lagundu egin behar zaiola eta kalteordainak eman behar zaizkiola nabarmentzearekin batera-, baina aipamen berezia egin nahi izan dio eremu pribatuan soilik etxe berekoekin elkartzeko neurriari. Izan ere, neurri hori oso eraginkorra dela uste du Zubiak, eta ildo horretan, neurri hori Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ere zabaldu beharko litzatekeela uste du.

"Nik berehalakoan jarriko nuke neurri hori; garbi esanda, guk ezin dugu beste alde batetik izorratu ostalaritzan egiten ari diren ahalegin guztia, sakrifizio guztia; jende askok lanpostuak galduko ditu eta oso gaizki pasatuko du. Hor daukagu lana eta hori oso zorrotz bete beharko genuke. Elkarrekin bizi ez garenok ezingo genuke toki itxietan jarraitu festak egiten, bazkariak egiten eta afariak egiten", ohartarazi du.