Gizartea -

Koronabirusa

Ostalaritza itxita, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa ia denean

Etxeratze-agindua 22:00etara aurreratu dute, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da baita kirola egitean (hiri inguruetan) eta lanean ere (salbuespen apurrak daude).

Gasteizko taberna bat, itxita. Argazkia: Efe
Gasteizko taberna bat, itxita. Argazkia: Efe
Gasteizko taberna bat, itxita. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, azaroaren 7an, indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri berriak EAEn koronabirusaren zabalkundea eteteko asmoz; tartean, ostalaritza ixtea, etxeratze-agindua 22:00etara aurreratzea, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izatea ia une guztietan.

Hasiera batean azaro osoan indarrean egongo den dekretuan, etxeratze-agindua ordubete aurreratuko da, baina berdin-berdin izango da 06: 00ak arte.

Gainera, ostalaritzaren eta jatetxeen itxiera agintzen da, baina hoteletako jantokiak eta beste ostatu batzuk salbuetsita daude.

Testuak argitzen duenez, 21:00ak arte zerbitzatu ahal izango dira otorduak etxez etxe edo bertan jasota, eta debekutik kanpo geratzen dira gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun-zentroak, zaharren-egoitzak, eta eskola eta lantokietako jantokiak.

Apustu-etxeak ere itxita egon beharko dira.

Gaurtik aurrera, jarduera sozioekonomikoak 21:00ak baino lehenago egin behar dira, eta horrek saltoki guztiei eragingo die, farmaziei eta gasolina-zerbitzuguneei izan ezik. Ordu hori baino lehen amaitu beharko dira kultur jarduera eta ikuskizun guztiak ere.

Gurtza zentroetako edukiera % 35era murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta taldeko edozein kirol jarduera bertan behera uztea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Kirol ekitaldietan ez da ikuslerik egongo.

Garraio publikoa 22:30ean abiatuko da beranduenera jota, baina muga horretatik kanpo geratzen da taxian edo bestelako gidariarekin egindako garraioa.

Larunbatetik aurrera ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxita egongo dira
Larunbatetik aurrera ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxita egongo dira
Larunbatetik aurrera ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxita egongo dira

3:15

Musukoa kirolean eta lanean

Eusko Jaurlaritzak emandako azken aginduaren arabera, musukoa derrigorrezkoa izango da lanean. Orain arte, lanpostu gehienetan ez zen nahitaezkoa maskararen erabilera, segurtasun tartea gordetzeko aukera bazegoen.

Maskararen erabilerarekin lotuta, bada salbuespenik, baina osasun zerbitzuek kontrakoa gomendatzen ez duten bitartean, lanpostu guztietan izango da derrigorrezkoa musukoa.

Kirola egiterakoan ere neurri bera ezarri dute, igerilekuetan salbu. Hartara, musukoa erabili beharko dute kirola egitera hiri imguruetara ateratzen diren guztiek ere.

Era berean, debekatu egin dute kultur ekintza eta ikuskizunetan goxokiak eta edari freskagarriak saltzea, eta kirol instalazioetan aldagelak eta dutxak zarratuta egongo dira.

Kirolaren esparruan, taldeko edozein jarduera eteten da, bai entrenamenduan bai lehiaketan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeenak izan ezik.

Era berean, "eskola kirola alde batera utzita, gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak" egin ahal izango dira, betiere maskara erabilita, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukieraren % 40ko edukiera mugatuta.

Bihartik aurrera ezingo da taldean kirolik egin
Bihartik aurrera ezingo da taldean kirolik egin
Bihartik aurrera ezingo da taldean kirolik egin

1:26

Ostalarien kexak

EAEko taberna eta jatetxe guztiak itxita egon beharko direla eta, oso kritiko azaldu da ostalaritza sektorea, Jaurlaritzak ez duelako laguntza plana oraindik zehaztu eta erabakia establezimendu askorentzat "azken kolpea" izango delako.

Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kudeaketa zuzendariak Euskadi Irratian aitortu duenez, erabakiarekin "etsita eta haserre" daude, eta askorentzat  "azken kolpea" izango dela nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako ostalarien ustez, epe motzera 1.000 lokal itxiko dituzte, eta lanpostuen % 25 galduko da, hau da, 16.000 lanpostu. Aiestaranek nabarmendu du osasun egoera dela lehentasuna, baina "bidegabetzat" jo du erabakia, "frogatua" baitago taberna eta jatetxeek "segurtasun neurri guztiak bete" dituztela, eta ez direla kutsatzeen "foku garrantzitsuena" izan.

Antzeko adierazpenak egin ditu Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak Radio Euskadin. Nabarmendu duenez, taberna eta jatetxeek "gauzak ondo" egin dituzte birusaren hedatzea saihesteko. "Ez dago datu zehatzik esateko ostalaritza ixtea dela arazoaren konponbidea. Katalunian 15 egun daramatzate itxita eta kutsatzeak ez dira txikitu, Madrilen, aldiz, hobera egin du osasun egoerak, eta ez dituzte tabernak zarratu", azaldu du.

"Guretzat, osasun arlotik zaila da erabaki batzuk eztabaidatzea, baina plan zehatz bat eskatzen dugu. Ez du balio esatea laguntzak aztertuko dituztela, horrek denbora eskatzen duelako, eta sektoreko profesionalek ordainketei aurre egin behar dietelako", kritikatu du.

Era berean, uste du itxiera larunbat baterako ezartzea "Jaurlaritzaren sentsibilitate faltaren beste adibide bat" dela. "Ixtea erabakitzen bazen, neurria astelehenetik aurrera ezartzea eskatzen genuen guk, horrela astebururako salgaiak erosita zituzten horiek ez dituzte zakarrontzira bota beharko", deitoratu du.

Azkenik, azpimarratu du orain arte eskaini dizkieten finantzazio lerroak ez direla lagungarriak "gehiago zorpetzea" dakartelako. Are, bankuek maileguak ematen ez dituztela salatu du, "ostalaritzako balantzeek ez dituztelako estandarrak betetzen".

Tabernak, itxita. Argazkia: Efe

Oposizioko alderdiak

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak uste du larunbat honetan indarrean sartuko diren neurri murriztaileak beharrezkoak direla pandemiari aurre egiteko, baina ezinbestekotzat jo du aldi berean sektore kaltetuenentzako laguntzak bideratzea.

EH Bilduk 123 neurri jasotzen dituen txostena helerazi dio lehendakariari
EH Bilduk 123 neurri jasotzen dituen txostena helerazi dio lehendakariari
EH Bilduk 123 neurri jasotzen dituen txostena helerazi dio lehendakariari

1:03

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearekin bildu da lehendakaria. Gorrotxategik ere Jaurlaritzak iragarritako neurriak babestu ditu, baina kaltetuei laguntzea eskatu du, tartean ostalaritzari zuzeneko diru-laguntzak emanda.

Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu
Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu
Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu

1:08

Bestalde, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak ostalaritza-sektorea "umiliatzea" eta "galbidera eramatea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, tabernen eta jatetxeen itxiera agindu eta gero. Sektorearentzat laguntzak eskatu ditu, "ez apurrak eta huskeriak", nabarmendu du

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Alarma egoera Maskarak