Itxi

Osasun etxea

'Osasun Etxea'

Zubia: "Oraindik ez dakigu Ingalaterrako andui berria kutsakorragoa den ala ez"

Mikel Dominguez | EITB Media

Donostia Ospitaleko medikuaren arabera, orokorrean, garatzen ari diren txerto orokorrak birusaren aldaera guztietan izango dira eraginkorrak.

  • Jendea kalean, Londresen. Argazkia: EFE

    28:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ingalaterran aurkitutako andui berriaz eta txertoen eraginkortasunaz aritu da Feliz Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Esan duenez, oraindik goizegi da Londres inguruan identifikatutako aldaera berria kutsakorragoa dela ondorioztatzeko.

Zubiak azaldu duenez, birus guztiek dute aldatzeko joera bat: "Birusen zikloa pertsona batean sartzea, kutsatzea, bere zelulak erabiltzea, bertan ugaltzea eta kanporatzea da. Etengabeko birsorketa horrek aldaketak dakartza: anduiak".

Baina zehaztu duenez, birusaren aldaera berriak agertzeak ez luke kezka sortu beharko. Izan ere, "andui desberdinak ezagutzen ditugu dagoeneko, baina ezaugarri nagusiak ez dira aldatu, ondorio klinikorik gabe".

Europa osoan izan da kasuen gorakada handia, eta ez soilik andui berri bat identifikatu den Erresuma Batuan. Beraz, "andui hori azaltzea eta kasuak igotzea bat etorri dira denboran", baina ez dakigu bata bestearen ondorioa den. "Gabonetako erosketak ere izan zitezkeen", esan du Zubiak. Argitu duenez, "beste herrialdeetan ere mota horretako igoerak izan dira, andui berririk gabe". Lotura hori egiteak jendearen kezka areagotu lezake, eta ez litzateke "beldur berezirik" izan beharko arrazoi horrengatik. Ikerketak zehaztuko ditu andui horren ezaugarriak.

Gainera, andui berri baten agerpenak txertoen inguruan areagotu litzakeen zalantzak ere uxatu ditu medikuak. Azaldu duenez, baliteke birusaren aldaketaren batek txerto jakin bati eragitea, "baina oso probabilitate gutxi dago". Gainera, txerto anitzak garatu dira, eta horrek "arma gehiago emango dizkigu mutazioen aurrean". "Txerto orokorrek andui hauei ere eragingo diete", esan du.

Gizartearen zati batek azaldu duen mesfidantzaren aurrean txertoak "sutsuki" defendatu ditu Zubiak, "medikuntzaren aurrerapen handienen" atzetik daude eta. Prozesuan zehar Gobernuen eta enpresen arteko "lehia" bultzatu dela kritikatu du, eta "propaganda ekintza handiak" izan direla. "Horrek mesfidantza sortzea ulertzekoa da", baina edozein kasutan, ziurtatu dezakegu "ditugun txertoak ziurrak direla eta epe motzean immunitatea sortzen dutela".

Beste behin, pandemiaren ondorioek txertoek beti dakarten arriskua baino larriagoak direla ohartarazi du. "Astero 100 heriotzatik gora ditugu Euskal Herrian, osasun sistema gainezka dago… Arriskurik gabeko ekintza medikurik ez dago, baina zein onura ekar dezakeen ikusita, zalantzarik ez dago", esan du Zubiak.