Beste kirolak
Tenisa
Swiatek da Wimbledoneko txapeldun berria, Anisimova azpiratuta
EITB Media
Poloniarrak lehen aldiz irabazi du Wimbledon, finalean Amanda Anismova estatubatuarra 6-0 eta 6-0 menderatuta, 57 minutuko partidan.
-
Iga Swiatek Argazkia: EFE
Azken hamarkadan lur harrotuan jokalari onena izan den eta lau aldiz Roland Garros irabazi duen Iga Swiatek belarretan txapelketa bat irabazi gabe zegoen gaur arte. Bere urte gorabeheratsuenean, beharbada, Swiatekek Amanda Anisimova azpian hartu du, 6-0 eta 6-0, 57 minutuan, eta Wimbledoneko txapeldun berria da.
Poloniarrak ezin izan du egun hobea aukeratu Grand Slameko 100. garaipena lortzeko, eta jipoi ikusgarria eman dio aurkariari.
Behartu gabeko akatsak asko izan dira gaurkoan (14 lehen setean eta beste 14 bigarrenean), eta estatubatuarraren urduritasuna eta poloniarraren eraginkortasuna nahikoa izan dira markagailua bideratzeko. Anisimova alderik alde mugitu besterik ez du egin behar izan txapeldunak partida bideratu eta inoizko final azkarrenetako bat irabazteko.
Grand Slameko lehen sei finalak irabazi dituen hirugarren tenislaria da Iga Swiatek, Margaret Court eta Monica Seles handiek lortu baitzuten horren aurretik.

