Beste kirolak
Mendiko lasterketak
Sara Alonso atletak agur esan dio denboraldiari, behi batek eraso egin baitio
EITB Media
Gertakaria entrenatzen ari zela jazo da. Korrikalari donostiarrak hainbat kolpe hartu ditu, eta saihets bat hautsita dauka. Horrenbestez, iragarri du amaitu egin zaiola lasterketen denboraldia.
-
Sara Alonso, ospitalean. Argazkia: Instagram Sara Alonso
Sara Alonso atletak behi baten erasoa jasan du gaur goizean, entrenatzen ari zela, eta ospitalera eraman behar izan dute. Politraumatismoak ditu, eta seigarren saihetsa hautsita dauka.
Korrikalari donostiarrak berak eman du gertakariaren berri, sare sozialetan mezu bat publikatuta, eta nabarmendu du beldurra pasa duela bere burua "hilzorian" ikusi duelako une batez.
Sufritutako kolpeen eta zaurien ondorioz, iragarri du denboraldia amaitutzat eman behar duela eta, beraz, ez duela egutegian markatuta zituen mendiko lasterketetan parte hartuko (FontRoumeu, Sierre Zinal eta Montblanceko Ultra Trail lasterketak, hain zuzen).
Edonola ere, Alonsok mezu positiboa ere bidali nahi izan du, eta erantsi du sendatze-prozesua "azkarra" izango dela eta munduko txapelketan parte hartzeko itxaropenari eusten diola.

