Txirrindularitza
Larunbatean, zuzenean
Del Toro, Onley eta Hirschi faborito dira Donostiako Klasikoa irabazteko; Roglic ere badator
Agentziak | EITB
Ibilbideak 200 kilometro baino gehiago ditu eta igotzaileentzako aproposa da. Sei mendate igo beharko dituzte, tartean Erlantz, lehen mailakoa, azken kilometroetan.
Donostiako Klasikoaren 44. ekitaldiak UCI World Teameko talderik onenak bilduko ditu larunbatean. Txirrindulariek 211 kilometroko ibilbide zaila egin beharko dute eta, aurreikuspenen arabera, Marc Hirschi, Isaac Del Toro eta Oscar Onley dira garaipena lortzeko faborito nagusiak.
Zaleek lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute 14:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
Lehia berezia espero da Frantziako Tourra bukatu berri duten txirrindularien eta uztailean Tourretik kanpo maila ona eman dutenen artean. Lehia horretan erabakigarria izango da helmugatik 10 kilometrora igo behar duten Murgil tontorra, % 20ko aldapekin.
Azken orduan bi baja esanguratsu izan dira. Alde batetik, Remco Evenepoel 2019, 2022 eta 2023ko ekitaldietako irabazlea; eta bestetik, Julian Alaphilipperena. Horrek faboritoen zerrenda handitu egin du.
Del Torok bigarren egin du aurten Italiako Giroan, eta Milano-Turin eta Asturiasko Irzulia irabazi ditu. Hirschi iazko garaileak, aldiz, Valentziako Itzulia bereganatu du. Euskal txirrindulariei dagokienez, Peio Bilbao, Ion Izagirre, Alex Aranburu eta Igor Arrieta irteeran izango dira.
Azken orduan ere izan da ezustekoa, Bora taldeak Primoz Roglic irteeran egongo dela iragarri baitu ostiral eguerdian.
Ibilbideak 200 kilometro baino gehiago ditu eta igotzaileentzako aproposa da. Sei mendate igo beharko dituzte, tartean Erlantz, lehen mailakoa, azken kilometroetan.
UCIko sailkapenerako puntuak
Donostiako Klasikoa egun bateko lasterketa onena da mundu mailan, bost "monumentu" ospetsuen ostean: Milan-San Remo, Flandes, Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lonbardía. Irabazleak 400 puntu gehituko ditu UCIko sailkapenean.
Donostiako Klasikoaren atarian, sailkapenaren buruan Tadej Pogacar dago. Lehen 10 sailkatuen artean, ez dago estatuko txirrindularirik. Del Toro eta Hirschi hamaikagarren eta hamabigarren dira, hurrenez hurren, eta Donostian lasterketa ona eginez gero, lehen hamarren artean sartzeko aukera dute.
Donostiako Klasikoaren profila

