Itxi

Txirrindularitza

44. ekitaldia

Giulio Cicconek irabazi du Donostiako Klasikoa

Agentziak | EITB

Italiarrak erasoa jo du helmugarako 10 kilometrora eta 9 segundo atera dizkio Christen danimarkarrari eta 19 Van Gils belgikarrari.

  • Ciccone, helmugaratzen. Irudia: EITB Media.

    Ciccone, helmugaratzen. Irudia: EITB Media.

Giulio Ciccone Lild-Trek taldeko txirrindulari italiarrak irabazi du Donostiako Klasikoaren 44. edizioa, helmugatik hamar kilometrora jotako erasoari esker. Ondoren, eta azken metroetan, ondo defendatu du lehen postu hori metro batzuk atzetik zetorren Jan Christen suitzarraren mehatxuaren aurrean. Azkenean, bera bakarrik sartu da Boulevardeko helmugan, Christenekiko zituen segundo apurrei eutsita.

Remco Evenepoel 2019, 2022 eta 2023ko irabazlea ez da irteeran egon baina lasterketak goi-mailako parte-hartzea izan du, azken orduan etorritako Primoz Roglic. esloveniarra barne.

Eguraldia alde izan dute eta lasterketa lasai joan da lehen kilometroetan. Lehiaren lehen zantzuak 12 txirrindulariko lehen ihesaldi bat sortu denean ikusi dira. Horrelako abentura batek nekez egiten du aurrera Klasikoa bezalako lasterketa batean, batez ere kontuan izanda azken 60 kilometroetan hiru mendate igo behar izan dituztela.

Iheslarien artean bi euskal txirrindulari izan dira: Gotzon Martin (Euskaltel) eta Julen Arriola-Bengoa (Caja Rural).

Ihesaldiak Jaizkibel igoera mitikoa iritsi arte iraun du. Iraganean Klasikoa erabakitzen zuen Jaizkibelek, baina azken urteetan helmugatik urruti dago eta paper hori beste igoera batzuek betetzen dute. Jaizkibeleko gainean Labrosse frantziarra izan da lehena.

Erlaitz, erabakigarria

Labrossek ezin izan dio lehen postu horri eutsi Erlaitzeko igoeran. Lehen mailako mendatea erabakigarria izan da, berriro ere. Hor ikusi da Jan Christen, Isaac del Toro, Maxim Van Gils eta Ciccone artean jokatuko zela azken garaipena.  

Murgileko igoeran, Ciccone eta Del Toro joan dira aurretik. Murgileko % 20ko aldapetan ikusle ugari Bildu da eta giroa ikaragarri polita izan da. Momentu horretan, Cicconek erasoa jo du eta atzetik etorritako Christen izan da bere garaipena arriskuan jarri duen bakarra.

Cicconek, baina, ondo eutsi dio segundo batzuetako aldeari eta azkenean berak eraman du garaipena Donostiako Boulevarrean kokatutako helmugan. Merezita gailendu da Lidl-Trek taldeko txirrindularia.

Sailkapena

1 - Ciccone Giulio (Lidl - Trek) 5:05:33

2 - Christen Jan (UAE) + 0:09

3 - Van Gils Maxim (Red Bull) + 0:19

4 - Benoot Tiesj (Team Visma) d. b.

5 - Del Toro Isaac (UAE) d. b.

6 - Powless Neilson (EF Education) d. b.

7 - Plapp Luke (Team Jayco) + 0:21

8 - Scaroni Christian (XDS Astana) + 1:09

9 - Uijtdebroeks Cian (Team Visma) + 1:10

10 - Meurisse Xandro (Alpecin) + 2:01