Txirrindularitza
Alsaziako Tourra
Markel Belokik irabazi du Alsaziako Tourra
EITB Media
20 urteko txirrindulari gasteiztarrak hirugarren etapa irabazita jantzi zuen liderraren maillota, ostiralean, eta azken egunera arte eusteko gauza izan da.
-
Markel Beloki, Alsaziako Tourreko podiumean. Argazkia: @MarkelBeloki
Markel Beloki (EF Education-Aevolo) txirrindulari gasteiztarrak irabazi du igande honetan bukatu den Alsaziako Tourra eta, horrenbestez, bere ibilbide profesionaleko lehen garaipen handia lortu du.
Joan den ostiralean lehiatutako hirugarren etapan estreinatu zuen bere palmaresa, La Planche des Belles Filles mendatean bakarka helmugaratuta. Orduan jantzi zuen liderraren maillota, eta gaur asteburua biribildu du.
Minutu erdiko abantaila baino ez zuen bere aurkari nagusiekiko: Kamiel Eeman belgikarra, Santiago Umba kolonbiarra eta Axel Mariault eta Thomas Champion frantziarrak. Hala ere, hurrengo bi jardunaldietan mailari eutsi dio, eta sailkapen nagusiaren gorenean mantentzeko gai izan da, azken eguneraino.
Gaur, azken etapan, Aubin Sparfel txirrindulari frantziarra gailendu da, eta Beloki 14. postuan sartu da, 11 segundora. Horrela, bada, 20 urteko txirrindulari gasteiztarrak irabazi du Alsaziako Tourra. Kamiel Eema eta Axel Mariault izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, podiumean.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Beloki Markel (EF Education-Aevolo) 12:57:42
2. Eeman Kamiel (Lotto Development Team) +0:23
3. Mariault Axel (CIC-U-Nantes) +0:29
4. Umba Santiago (XDS Astana Development Team) +0:33
5. Champion Thomas (St Michel-Preference Home-Auber93) d.b.
6. Smith William (Team Visma | Lease a Bike Development) +0:38
7. Bravo Henrique (Soudal Quick-Step Devo Team) +0:40
8. Jasch Lennart (Red Bull-BORA-hansgrohe Rookies) d.b.
9. Stüssi Colin (Team Vorarlberg) +0:43
10. Decomble Maxime (Equipe continentale Groupama-FDJ) +0:52

