Txirrindularitza
Burgosko Itzulia
Isaac Del Torok irabazi du Burgosko Itzulia, eta Cicconek Neilako etapa handia
Agentziak | EITB
Mexikarrak buelta eman dio Leo Bisiaux ordura arteko liderrak zuen 26 segundoko aldeari. Sailkapen nagusian, Urko Berrade nafarra hamargarren izan da.
Isaac Del Toro (UAE Team Emirates XRG) mexikarrak irabazi du Burgosko Itzuliaren 47. edizioa, bosgarren eta azken etapan lidergoa lortuta. Etapa, baina, Giulio Ciccone italiarrak eskuratu du, Quintana del Pidio eta Neilako aintziren artean 138,3 kilometroko ibilbidea egin ostean.
Guztira, lau mendate igo behar izan dituzte, eta Del Torok buelta eman dio Léo Bisiaux liderrak aterata zion 26 segundoko aldeari. Helmugan, UAE taldeko mexikarra bigarren sartu da, Cicconek baino 10 segundo gehiago eginda. Lorenzo Fortunato (XDS-Astana) italiarra izan da hirugarren, 27 segundora, eta honek ere Bisiaux gainditu du sailkapen nagusian.
Lehen kilometroetan boskote bat aurreratu da, Carlos García Pierna espainiarra (Burgos-Burpellet-BH) tartean zela. Talde hori aurretik pasatu da Alto del Cerro, El Arroyo eta De Rozavientos mendateetatik, eta horri esker irabazi du Garcia Piernak mendiko maillota.
Rozavientos lehen mailako mendatean, Jai Hindley Bora taldeko australiarrak erasoa jo du, eta faboritoen arteko lehia piztu da 3,3 kilometroko igoera eta batez beste % 9,7ko aldapetan.
Ihes egiteko gainerako saiakerek ez dute aurrera egin, eta Neilako aintziretarako igoeran izan da benetako lehia.
Cicconeren garaipena
Neilan gora, Del Toro eta Ciccone aurreratu dira, etapa garaipenaren eta sailkapen nagusiaren bila joateko. Cicconek erasoa jo du azken kilometroan, eta atzean utzi du mexikarra, etapa irabazteko. Del Toro 10 segundora helmugaratu da eta sailkapen nagusia irabazi du.
Euskal txirrindulariei dagokienez, Mikel Landa 14. helmugaratu da eta 18. izan da sailkapen nagusian. Urko Berrade nafarrak, aldiz, 10. amaitu du sailkapen nagusian.
Etapako sailkapena
1 - Ciccone Giulio (Lidl - Trek) 3:23:16
2 - Del Toro Isaac (UAE) + 0:10
3 - Fortunato Lorenzo (XDS Astana) + 0:27
4 - Træen Torstein (Bahrain) + 0:34
5 - Howson Damien (Q36.5 Pro Cycling) + 0:36
6 - Bernal Egan (INEOS) d. b.
7 - Pellizzari Giulio (Red Bull) + 0:38
8 - Aleotti Giovanni (Red Bull) + 0:53
9 - Pescador Diego (Movistar) + 0:55
10 - Kulset Johannes (Uno-X Mobility) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - Del Toro Isaac (UAE) 19:46:48
2 - Fortunato Lorenzo (XDS Astana) + 0:19
3 - Bisiaux Léo (Decathlon AG2R) + 0:25
4 - Pellizzari Giulio (Red Bull) + 0:30
5 - Ciccone Giulio (Lidl - Trek) + 0:56
6 - Bernal Egan (INEOS) + 0:59
7 - Træen Torstein (Bahrain) + 1:01
8 - Aleotti Giovanni (Red Bull) + 1:03
9 - Kulset Johannes (Uno-X Mobility) + 1:05
10 - Berrade Urko (Kern Pharma) + 2:04

