Frantziako Tourra
10. etapa
Simon Yatesek irabazi du Erdialdeko Mendikatean, eta Ben Healyk maillot horia lortu du, Frantziako Tourrean
EITB
Yates gailendu da, bakarka, 112. Frantziako Tourreko hamargarren etapan; izan ere, arrakasta izan duen ihesaldiko indartsuena izan da. Healy ere izan da ihesaldi horretan, eta irlandarrak sailkapen nagusiko lehenengo tokian jartzea erdietsi du.
Visma-Lease a Bike taldeko Simon Yates txirrindulari britainiarrak 2025eko Frantziako Tourreko hamargarren etapa irabazi du, Le Mont-Dore Puy de Sancyn, Erdialdeko Mendikatean, astelehenean; sailkapen nagusiari dagokionez, EF Education-EeasyPost taldeko Ben Healy ziklista irlandarra aurreneko posturaino igo da, eta, ondorioz, maillot horia jantzi du, UAEko Tadej Pogacarri kenduta. Simon Yates bakarka gailendu da; izan ere, arrakasta izan duen ihesaldiko indartsuena izan da, eta Healy lider berria ere izan da ihesaldi horretan.
Aurreikusita zegoen hasiera-hasieratik lehia bizia izatea, 112. Frantziako Tourreko hamargarren egunean, eta hala gertatu da. Hogeita hamar bat gizon sartu dira ihesaldian, eta, helmugarako 110 kilometro gelditzen zirela, ia bi minutuko aldea zuten tropelarekiko. Besteak beste, maila handiko txirrindulari hauek zeuden multzo horretan: Victor Campenaerts y Simon Yates (Visma-Lease a Bike), Ben Healy eta Neilson Powless (EF Education-EasyPost), Lenny Martinez (Bahrain-Victorious), Quinn Simmons (Lidl-Trek), Julian Alaphilippe (Tudor), eta Ben O'Connor (Jayco-AlUla).
Amaierarako 85 kilometro falta zirela, hogei bat ziklistak jarraitzen zuten lasterketa buruan, eta tropela hiru minutu eta erdira zebilen. EF Educationek hiru ordezkari zituen, hain zuzen Healy, Baudin eta Sweeny, eta Vismak bi, Campenaerts eta Yates; bazirudien Ben O'Connor zihoala bereziki indartsu.
Healy irlandarrak, alegia, aurreko ostegunean, Viren amaitu zen etapan garaile irten zen gizonak, abagune ona zuen maillot horia janzteko, eta bera ere zebilen sendo lasterketa buruan. 43 kilometro gelditzen zirela, hamabost gizon zihoazen ihesaldian, eta horiek bost minutura zuten tropela.
Bean Healyk etengabe jotzen zuen aurrera lasterketa buruko multzoan; EF Education taldeko ziklistarekin batera, O'Connor, Yates eta Thymen Arensman (INEOS) eta Michael Storer (Tudor) zebiltzan, etapa azken hamar kilometroetan zebilela. Azkenean, Ben Healyk helburua gauzatu du, eta lider jarri da. 1987an erdietsi zuen irlandar batek, azkenekoz, hori bera —maillot horia janztea, alegia— Stephen Rochek Tourra irabazi zuenean. Healy hirugarren postuan helmugaratu da etapan; Simon Yatesek garaipen bikaina eskuratu du, eta britainiarrak, horrenbestez, Tourreko hiru etapa ditu palmaresean. 2025ean, Italiako Giroa ere bereganatu du, duela hilabete eta erdi.
Asteartean, uztailaren 15ean, ez da etaparik izango, eta Frantziako Tourra asteazkenean itzuliko da, hilaren 16an. Egun horretan hamaikagarren etapa izango da jokoan, Okzitaniako Tolosan hasi eta amaituko da, eta 156,8 kilometroko ibilbidea izango du. EITBk zuzenean emango du, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.
Etapako sailkapena
1 - Simon Yates (Visma) 4:20:05
2 - Thymen Arensman (INEOS) + 0:09
3 - Ben Healy (EF) + 0:31
4 - Ben O'Connor (Jayco) + 0:49
5 - Michael Storer (Tudor) + 1:23
6 - Joseph Blackmore (Israel) + 3:57
7 - Anders Halland Johannessen (Uno-X) + 4:38
8 - Lenny Martinez(Bahrain) + 4:51
9 - Tadej Pogacar (UAE) d. b.
10 - Jonas Vingegaard (Visma) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - Ben Healy (EF) 37:41:49
2 - Tadej Pogacar (UAE) + 0:29
3 - Remco Evenepoel (Soudal) + 1:29
4 - Jonas Vingegaard (Visma) + 1:46
5 - Matteo Jorgenson (Visma) + 2:06
6 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 2:26
7 - Oscar Onley (Picnic) + 3:24
8 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 3:34
9 - Primoz Roglic (Red Bull) + 3:41
10 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 5:03


