Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

11. etapa

Jonas Abrahamsenek irabazi du Okzitaniako Tolosako etapa, eta Ben Healyk maillot horiari eutsi dio, Tourrean

EITB

Uno-X Mobility taldeko txirrindulari norvegiarrak Mauro Schmid Jayco-AlUla taldeko suitzarra menderatu du, esprintean, eta garaipena eskuratu; biak izan dira eguneko ihesaldian. Pogacarrek erorikoa izan du azken kilometroetan, baina faboritoen multzoak itxaron egin du esloveniarra.

2:36
Abrahamsen eta Schmid

Uno-X Mobility taldeko Jonas Abrahamsen txirrindulari norvegiarrak 2025eko Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa irabazi du, Okzitaniako Tolosan, asteazkenean, arrakasta izan duen eguneko ihesaldiko indartsuena izan baita. Ziklistek txapela kentzeko moduko ikuskizuna eman duten hamaikagarren jardunaldi honetan, Ben Healy EF Education taldeko irlandarrak sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio, eta, hortaz, maillot horia soinean duela jarraituko du. Abrahamsenek ihesaldian ere izan den Mauro Schmid Jayco-AlUla taldeko suitzarra menderatu du, esprintean, eta garaipena eskuratu; UAEko Tadej Pogacarrek erorikoa izan du azken kilometroetan, baina faboritoen multzoak itxaron egin du esloveniarra.

Testuinguru horretan, etapako aurreneko ehun kilometroak, asteartean izandako atseden egunaren ostean, zoratzeko modukoak izan dira; erritmo oso bizia izan da, eta ihesaldia sortzeko lehia, ikusgarria. Helmugarako berrogeita hamar bat gelditzen zirela, honela zebilen etapa: bost gizon ziren lasterketa buruan, Fred Wright (Bahrain-Victorious), Mauro Schmid (Jayco-AlUla), Davide Ballerini (XDS Astana), Mathieu Burgaudeau (TotalEnergies) eta Jonas Abrahamsen (Uno-X Mobility); berrogeita bost bat segundora, maila handiko beste boskote batean, Wout van Aert (Visma-Lease a Bike), Axel Laurance (INEOS Grenadiers), Quinn Simmons (Lidl-Trek), Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) eta Arnaud De Lie (Lotto) zihoazen. Tropelak, gutxi gorabehera, bi minutu era erdira zituen lasterketa buruko gizonak.

Bost txirrindularik osatutako bi multzoak nor baino nor gehiago ari ziren, errepidean; lehenengoak aldeari eutsi edo alde hori handitzeko asmoz ari ziren, eta atzekoek, aldiz, asmoa zuten lasterketa burukoak harrapatzea. Jonathan Milanek, puntukako sailkapeneko liderra bera, gero eta urrutiago zuen Ben Healy maillot horia zihoan tropela.

Jardunaldiko azken hogei kilometroetan sartuta, Van Aerten eta Van der Poelen multzoak hogei segundora zituen lasterketa buruan zihoazen ziklistak. Cote de Vieille-Toulousen, aurretik hamahiru kilometro zituztela, Abrahamsenek eta Schmidek jo dute erasoa, aurrean, eta Simmonsek, atzeko multzoan. Cote de Pech David mendate labur baina gogorrean, Uno-X taldeko norvegiarrak eta Jaycoko suitzarrak ihes eginda jarraitzen zuten, eta etapa garaipenaren bila zihoazen; Van der Poel atzetik zetorren, aurreko bien parean kokatu nahirik. Sailkapen nagusiko multzoan, Vingegaardek eta Pogacarrek elkar estutu dute, Jorgenson ere tartean zebilela.

Azken bost kilometroetan sartu aurretik, Tadej Pogacarrek erorikoa izan du, eta segituan abiatu da berriro; Vingegaard, Healy eta sailkapen nagusiko lehian dabiltzan gainerako gizonak haren zain izan dira. Emozioa, beraz, aurrean zegoen, etapa garaipenaren lehian; Abrahamsen eta Schmid oso indartsu zihoazen, elkarri begira, eta Van der Poel, bakarka, horien atzetik zebilen, abiadura handian. Azkenean, Abrahamsenek eta Schimdek esprinta jokatu dute, eta norvegiarrak meritu handiko garaipena bereganatu du. 

112. Frantziako Tourra ostegunean sartuko da bete-betean Pirinioetan, Auchen hasi eta Hautacamen amaituko den hamabigarren etapan. EITBk 14:40an egingo du bat probarekin, zuzenean, eitb.eus-en bidez, eta ETB1en 15:00etan hasiko da emanaldia.

Etapako sailkapena

1 - Jonas Abrahamsen (Uno-X) 3:15:56

2 - Mauro Schmid (Jayco) d. b.

3 - Mathieu van der Poel (Alpecin) + 0:07

4 -  Arnaud De Lie (Lotto) + 0:53

5 - Wout van Aert (Visma) d. b.

6 - Axel Laurance (INEOS) d. b.

7 - Fred Wright (Bahrain) d. b.

8 - Mathieu Burgaudeau (TotalEnergies) d. b.

9 - Quinn Simmons (Lidl) d. b.

10 - Davide Ballerini (XDS Astana) + 1:11

Sailkapen nagusia

1 - Ben Healy (EF) 41:01:13

2 - Tadej Pogacar (UAE) + 0:29

3 - Remco Evenepoel (Soudal) + 1:29

4 - Jonas Vingegaard (Visma) + 1:46

5 - Matteo Jorgenson (Visma) + 2:06

6 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 2:26

7 - Oscar Onley (Picnic) + 3:24

8 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 3:34

9 - Primoz Roglic (Red Bull) + 3:41

10 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 5:03