Frantziako Tourra
12. etapa
Tadej Pogacarrek erakustaldia egin du Hautacamen, eta urrats handia eman du Tourra laugarrenez irabazteko
EITB
UAEko txirrindulari esloveniarrak 112. Frantziako Tourreko lehen mendiko etapa handia irabazi du, eta bi minutu eta hamar segundo atera dizkio bigarren postuan helmugaratu den Vismako Jonas Vingegaardi. Remco Evenepoelek hiru minutu eta erdi baino gehiago galdu du. Pogacar lider da, berriro.
UAE taldeko Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak 2025eko Frantziako Tourreko hamabigarren etapa irabazi du, Hautacamen, modu bikainean, eta, gainera, sailkapen nagusiko lehenengo postua berreskuratu du. Pogacarrek 112. Frantziako Tourreko lehen mendiko etapa handia irabazi du, Pirinioetan, eta bi minutu eta hamar segundo atera dizkio bigarren postuan helmugaratu den Vismako Jonas Vingegaardi. Soudal Quick-Stepeko Remco Evenepoelek hiru minutu eta erdi baino gehiago galdu du.
Asteazkenean ikuskizun ederra eman zuten parte-hartzaileek, eta aurtengo ekitaldiko lehen mendiko etapa handian, beste behin ere, txirrindulariak bizi-bizi abiatu dira. Hala, berrogeita hamar bat gizon sartu dira ihesaldian, Jon Izagirre tartean. Helmugarako hirurogeita hamar bat kilometro gelditzen zirela, minutu eta erdiko abantaila zuten, apur bat gehiago, tropelarekiko.
Lehen mailako Soulor mendatean, nabarmendu dira Michael Woods (Israel-Premier Tech), Bruno Armirail (Decathlon AG2R), Michael Storer (Tudor), Einer Rubio (Movistar) eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek). Sailkapen nagusirako lehian dabiltzan gizonen multzoan, Ben Healy liderra (EF Education) atzean gelditu da, eta gauza bera gertatu zaie lehen postuetan zebiltzan bi gizonei ere, hain zuzen Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) eta Kevin Vauquelin (Arkea-B&B Hotels) txirrindulariei.
Bigarren mailako Col des Borderesen, Armirail gelditu da lasterketa buruan, bakarka. Simon Yates indartsu zebilen faboritoen multzoan, erritmo gogorra jarrita, eta ematen zuen Pogacar eta Vingegaard oztopo handirik gabe ari zirela etapa egiten. Vismako Matteo Jorgenson, ordea, ez zebilen ondoegi, eta Movistarreko Enric Mas atzean gelditua zen.
Amaitzeko 25 kilometro baino pixkat gehiago gelditzen zirela, Remco Evenepoel onenen multzora itzuli da. Bruno Armirailek bi minutu inguruko aldea zuen, Hautacamerako igoera hasi aurretik.
Maila bereziko Hautacam mendaterako igoera hasi eta berehala, denak eztanda egin du. Pogacarrek aurrera egin du, ohi bezain indartsu; Vingegaard haren parean jarraitzen ahalegindu da, baina apur bat atzean geratu da. Ziztu bizian, bi txirrindulariek Armirail aurreratu dute; hamar kilometro falta zirela, UAEko esloveniarrak hamabost segundoko aldea zuen, Vismako danimarkarrarekiko.
Hautacamen, argi eta garbi gelditu da zein ziklista den Tour honetako indartsuena. Pogacarrek igoera ikusgarria egin du. Vingegaard ere aritu da ondo, baina 2022ko eta 2023ko irabazleak ezin izan du saihestu bere aurkari nagusiak bi minututik gorako abantaila ateratzea. Red Bull-BORAko Florian Lipowitz eta Primoz Roglic eta Picnic-PostNL taldeko Oscar Onley ere atera dira garaile etapan, eta pentsatzeko modukoa da podiumerako lehian ere izango direla, Evenepoelekin eta Vauquelinekin batera.
Hamahirugarren etapa ostiralean jokatuko dute, eta 2025eko Frantziako Tourreko nagusietakoa izango da hori ere. Kronoigoera izango da, 10,9 kilometrokoa; Loudenviellen hasi eta Peyragudes lehen mailako mendatean amaituko da. Zuzeneko emanaldia 14:25ean hasiko da gurean, eitb.eus-en bidez, eta 15:00etan ETB1en.
Etapako sailkapena
1 - Tadej Pogacar (UAE) 4:21:19
2 - Jonas Vingegaard (Visma) + 2:10
3 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 2:23
4 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 3:00
5 - Oscar Onley (Picnic) d. b.
6 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 3:33
7 - Remco Evenepoel (Soudal) + 3:35
8 - Felix Gall (Decathlon) + 4:02
9 - Primoz Roglic (Red Bull) + 4:08
10 - Cristian Rodríguez (Arkea) + 7:26
Sailkapen nagusia
1 - Tadej Pogacar (UAE) 45:22:51
2 - Jonas Vingegaard (Visma) + 3:31
3 - Remco Evenepoel (Soudal) + 4:45
4 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 5:34
5 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 5:40
7 - Primoz Roglic (Red Bull) + 7:30
8 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 7:44
9 - Felix Gall (Decathlon) + 9:21
10 - Matteo Jorgenson (Visma) + 12:12


