Itxi

Musika

Uztailak 24-28

Joan Baez, Silvia Perez Cruz, Martirio eta Joe Jackson, Donostiako Jazzaldian

eitb.eus

Donostiako musika ekitaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Baez Agertoki Berdean arituko da uztailaren 24an, Jamie Cullumekin batera.

  • Joan Baez

    Agur biraren barruan joko du Baezek Donostian uztailaren 24an, Zurriolan

Donostiako Jazzaldiak aurtengo edizioaren datu gehiago eman ditu ezagutzera. Uztailaren 24an hasiko da musika jaialdi handia, eta bi izar oso ezberdin izango dira egun horretan Agertoki Berdean, Zurriolan: Joan Baez mitoa bere agurreko biran eta Jamie Cullum.

Gainera, izen gehiago gehitu zaizkie lehendik iragarrita zeudenei (Diana Krall, Neneh Cherry, Joshua Redman…): Silvia Perez Cruz artistak, Toquinho brasildar gitarrista eta abeslaria eta Javier Colina nafar kontrabaxu-jotzailea lagun dituela, emango die amaiera, uztailaren 28an, Trinitate Plazako kontzertuei.

Houston Person eta Charles McPherson saxofonista beteranoak ere Trinitate Plazan izango dira, zein bere taldearen buruan, uztailaren 27an eta 28an.

Martirio abeslariak eta Chano Dominguez pianistak Bola de Nieve diskoa aurkeztuko dute Victoria Eugenian, eguerdiko saio batean.

Joe Jacksonek bere azken diskoa aurkeztuko du Kursaalen, eta Atomic eskandinaviar taldearen eta Mostly Other People Do the Killing Moppa Elliott baxu-jotzailearen taldearen emanaldiak ere izango dira, besteak beste, uztailaren 24tik 28ra.

Sarrerak

Sarrerak gaur bertan, otsailaren 21ean, jarri dituzte salgai Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan, Victoria Eugenia antzokiaren txarteldegian eta Donostia FNAC saltokian.