Itxi

Musika

Konpositore garaikideak

Liburu sail batek bizirik dauden euskal konpositoreak nazioartean ezagutaraziko ditu

N. V. | EITB Media

Musikene eta Eresbilek “Kaierak – Basque Composers of the 21st century” argitaratuko dute, eta lehen bi zenbakiak Ramon Lazkano eta Teresa Catalani eskaini dizkiete.

  • "Kaierak–Basque Composers of the 21st century"

    "Kaierak–Basque Composers of the 21st century", Ramon Lazkano eta Teresa Catalan

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta Eresbil euskal musikaren artxiboak liburu bilduma bat argitaratuko dute bizirik dauden hainbat euskal konpositoreren “ondasun musikala” nazioartean ezagutarazteko.

Bi erakundeok ohar batean azaldu dutenez, "Kaierak–Basque Composers of the 21st century" izeneko bildumaren lehen bi zenbakiak Ramon Lazkano eta Teresa Catalani eskainiko dizkiete, eta hirugarrenak Felix Ibarrondo izango du protagonista.

Hiru hizkuntzatan argitaratuko dituzte kaierak, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, eta “nazioartean ospetsuak diren euskal konpositoreak gerturatzea izango dute helburu, elkarrizketa baten eta bere obraren inguruko analisi artikulu baten bitartez”.

Horrez gain, liburu bakoitzak obren katalogo bat eta konpositorearen bizitza laburbiltzen duen kronologia bat jasoko ditu, diskografia eta bibliografiaz gain.