telebista
22:00etan
Sexu-erasoak hizpide, gaur gauean, '360º' saioan
EITB
Eider Hurtadok aurkeztuta, bortxaketa eta sexu-erasoen biktimek duten babesgabetasuna aztertuko du saioak kasu ezberdinen analisiarekin.
-
Eider Hurtado, aureko saio batean.
2018ko sanferminak hasteko egun gutxi falta direnean, 'La Manada' taldeko kideak behin-behinean aske uzteak gizartearen haserrea piztu du. Kasua sexu-erasoen biktimek duten babesgabetasunaren adibide argia da. Errealitate judizial eta sozial bortitz honetan barrena murgilduko da, gaur, Agresiones sexuales: 2 veces víctima erreportajea, Eider Hurtadok aurkeztutako '360º' saioan.
Hasteko, Eider Hurtado kazetariak Izaskun Gartzaron, Nafarroako Delituen Biktimei Arreta Emateko Bulegoko zuzendaria, elkarrizketatuko du. Izaskunek zuzeneko kontaktua dauka 'La Manada'ko biktimarekin, eta telebista kameren aurrean hitz egingo du lehen aldiz, biktimak prozesu judizial osoa nola bizi izan duen azaltzeko.
'La Manada'ren auzi honen epaileen jarrera oso kritikatua izan da, baina ez da izan horien epai polemiko bakarra. '360º' saioak beste kasu baten berri emango du. Aitaren abusuak behin eta berriz jasan zituen neskatila baten amarekin mintzatuko dira. Alabaina, epaileek ez zuten gertakarietan erasorik ikusi, abusua baizik. Horren alaba Nafarroan eskolta eraman zuen lehen biktima izan zen.
Nagore Laffageren erailketa ere gogoratuko dute, 10 urte beteko diren honetan. Kasu horretan ere, herritarren eta epaileen iritziak ezberdinak izan ziren, eta Jose Diego Yllanes hiltzailea kalean dago, baldintzapean aske. Hala ere, inork ez daki non dagoen. Zergatik da horren zaila Yllanesekin bat egitea? Norbaitek babesten ote du? Egia da horren familiak Opus Deirekin harreman estua duela? '360º' saioko ikerketa taldea haren arrastoa aurkitzen saiatuko da.
Saioak, amaitzeko, Gaztelueta kasua aztertuko du. Ikastetxe horretako ikasle adingabe batek irakasle bat salatu zuen sexu-abusuak egotzita.
'360º' saioak bortxaketa eta sexu-erasoen biktimen babesgabetasuna erakusten duten hainbat kasu azalduko ditu gaur Agresiones sexuales: 2 veces víctima atalean, 22:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.
'No recuerdo nada' erreportajea
Ondoren, ETB2k 'No recuerdo nada' erreportajea eskainiko du. Biktima, polizia, jurista, psikologo, abokatu kriminalista eta toxikologoen eskutik, sexu-abusu eta sexu-eraso kasuetan gero eta ohikoagoak diren gai kimikoak aztertuko ditu. Substantzia horiek biktimaren borondatea baliogabetu, eta bortxaketa edo lapurreta errazten dute.
Polizia eta osasun zerbitzuak substantzia horien erabilpenarekin oso kezkatuta daude. Bartzelonako ospitalean tratatzen diren bortxaketa kasuen % 29 substantzia kimikoak erabili ondoren egiten dira. Gainera, gertatzen diren kasu gehienak ez dira salatzen. Izan ere, salaketa gehienek ez dute aurrera egiten, biktimaren bertsioa eta erasotzailearen bertsioa oso bestelakoak izaten direlako, eta azken horrek onartutako sexu-harremanak izan zirela esango baitu beti.
'Burundanga' da mota honetako substantziarik ezagunena eta nazioartean gehien erabiltzen dena. Hala ere, Kataluniako eta Estatu mailako farmazietan erraz lor daitezkeen produktuak ere erabiltzen dituzte horren ordez.