Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

ETB1en eta eitb.eus-en

'Go!azen' telesail arrakastatsua gaur estreinatuko da

A.E. | EiTB

Zazpiehun gaztetxotik gora izan dituen flashmob ikusgarriarekin aurkeztu dute telesaila Donostian. Gaur gauean, 21:00etan, izango da ikusgai lehen atala eitb.eus-en eta ETB1en.

1:09

Ia zortzi urte iragan dira 'Go!azen' pelikula lehen aldiz eskaini zenetik, eta gaur gauean eitb.eus-en eta ETB1en izango da berriro euskarazko telesaila atal sorta berri bat estreinatzeko. Aktore talde eta istorio erabat berrituekin baina jatorrizko talde sortzailea atzean duela dator 'Go!azen'. Telebistako estreinaldia flashmob erraldoi batekin aurkeztu da ostegun honetan Donostian. Aktore nagusiek eta zazpiehun gaztetxok baino gehiagok 'Go!azen' eta 'Euskararen Txantxangorria' koreografiak dantzatu dituzte bertan.

'Go!azen' Pausokak eta ETBk ekoiztu dute, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundien, Euskaltelen eta Laboral Kutxaren babesarekin. Azken hilabeteotan, halaber, aurrestreinaldi arrakastatsuak izan dira: Gasteizko FesTValean, Donostiako Kursaal Jauregian, Bilboko Azkuna Zentroan, Iruñeko Baluarten eta Gabirian. Gainera, 40 eskola eta ikastolatik gora bisitatu dituzte aktoreek telebistan estreinatu aurretik.

Basakabi udalekua

Hartara, Basakabi udalekuak ateak zabalduko ditu, beste behin, eta udalekuaren buru Zuzen izango da. Aurreko denboraldian bezala, Ramon Agirre aktoreak hezurmamituko du pertsonaia hori. Oraingoan, betiko udalekua ingelesez ikasteko eskola bilakatu nahiko du zuzendariak, baina betiko moduan, bere saiakera berritzaileek ez dute berak nahi adinako arrakasta lortuko. Irakasle talde berrian, beste aurpegi ezagun bat iritsiko da Basakabira: Irati Ibarbia (Barbara Rivas). Bere garaian udalekuko ikasle izandakoa unibertsitatea amaitu berri duen irakasle bezala dator orain udalekura.

Ikasle talde berria iritsiko da udalekura era guztietako abenturak bizitzera: Haizea eta Elene bikiak (Aitana eta Paula Etxeberria), Ane (Miren Arrieta), Nora (Lorea Iribar), Markel (Asier Burguete), Jontxu (Oihan Moreno), Eli (Ainhoa Larrañaga), Gari (Aritz Mendiola) eta Urko (Haritz Morras). Gainera, bertan lanean dabilen Mikel (Markel Gajate) gazteak ere gorabeherak biziko ditu Basakabin.

Helduen artean Peter 'Peio' (Borja Uribesalgo) irakasle irlandarra eta Begoña Garate (Karmele Larrinaga) garbitzailea izango dira aurpegi berriak, eta Desi (Inma Fernandez) Iratiren lagun gisa itzuliko da udalekura.

Telesailak ordubeteko 10 atal izango ditu, eta, aurrekoetan bezala, musika eta umorea izango ditu ardatz nagusi. Denboraldi berri honetan, besteak beste, Gatibu, Esne Beltza, Ken Zazpi eta Zea Mays taldeen bertsioak eta Mikel Laboa eta Itoitzen klasiko batzuk entzungo dira. Musikaren arduraduna, aurrekoan bezala, Fernando Velazquez getxoztarra izan da (Un monstruo viene a verme, Lo Imposible, Ocho apellidos Vascos?). Telesailaren zuzendaria, berriz, Jabi Elortegi izan da, beste behin ere, Pausokaren ekoizpen honetan.

'Go!azen' mundua

eitb.eus-ek telesaila eta bere inguruko guztia bestelako pantailetan gozatzeko aukera emango du. Batetik, Nahieran atarian ikusi ahal izango dira denboraldi berri honetako atal guztiak, eta, noski, baita 'Go!azen 2.0' izena hartu zuen aurreko denboraldia ere.

Horrekin batera, telesaileko unerik onenak, karaoke bideoak, abestiak, argazkiak, telebistan ikusiko ez diren bideoak , zozketak, albisteak eta bestelako kontuak aurkituko ditu jarraitzaileak eitb.eus/goazen helbidean.

Aurrekariak

Pausokak eta ETBk 2008ko udaran egin zuten 'Go!azen' filma. Euskal Herrian egindako lehen film musikala izan zen hura, eta hasieratik ikusleen eta aktoreen arteko gertutasuna bultzatu zen, fan fenomenoa indartzeko asmoz. Orduko hartan ere, telebistan estreinatu aurretik, 'Go!azen' filma Euskal Herriko 63 herri eta hirietako zinema-aretoetan erakutsi zen, doan. Emanaldi hauetan, gainera, aktoreek pelikula aurkeztu zuten. Hartara, Euskal Herriko gaztetxoen artean 'Go!azen' izena ezaguna egin zen telebistan estreinatu aurretik.

2009ko urtarrilaren 5eko gauean estreinatu zen 'Go!azen' ETB1en. Egun hartan, SOFRES enpresak emandako datuen arabera, ETB1en inoiz eman den filmik ikusiena izan zen 'Go!azen'. Batez beste, % 7,4ko sharea lortu zuen (% 15,6koa, euskaldunen artean) eta 66.000 ikus-entzule bildu zituen. 4 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen artean, batez beste, % 24,4ko audientzia-zatia bildu zuen estreinaldiak.

Telebistan estreinatu aurretik, CDak eta DVDak jarri zituzten salgai Durangoko Azokan. Gabon osterako, 8.000 DVD eta 6.000 CD inguru saldu zituzten.

Filma eskaini ostean, 52 minutuko iraupena zuten 12 ataleko telesaila eskaini zuen ETB1ek 2009. urteko irailetik aurrera. Telesailak izan zuen arrakastak eta oihartzunak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.

Sariak eta aipamenak

'Go!azen'ek ATV sari bat lortu zuen 2009an eta Rose d'Or sarietarako finalista izan zen 2010ean. Gainera, Islantillako Zinema Jaialdian parte hartu zuen lehen euskarazko filma izan zen.