Hitzetik hortzera
ETB1en
Oier Sanjurjo gonbidatu, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan
A.E.|EiTB
Halaber, Arkaitz Goikoetxeak eta Fredi Paiak 2001ean Donibane Garazin egindako bertsoaldia berreskuratuko dute; eta Iruñea, Ermua eta Arrasateko bertsoaldiekin josiko dute programa.
Oier Sanjurjo izango dute gaur 'Hitzetik Hortzera' saioan gonbidatua. Bertsozalea da Osasuna futbol taldeko kapitaina. Bere ibilbideaz ariko dira berarekin, eta bertsolaritzak eta futbolak dituzten antzekotasunez ere jardungo dira.
Epailea eta futbolaria, historikoan
Futbola bertso-gai bilakatuko da aste honetako historikoan ere. 2001ean futbolariaren eta epailearen paperetik aritu ziren Arkaitz Goikoetxea eta Fredi Paia Donibane Garazin. Txapelketa Nagusiko saioa zen, eta umoretik aritu ziren zortziko txikian elkarri zirika.
Iruñea, Ermua eta Arrasateko bertsoaldiak
Dena den, gaurkotasunak ere izango du lekurik aste honetako programan ere. Iruñean Bertsoaroa zikloko azkeneko bertso-saioan izan ziren 'Hitzetik Hortzera'ko kamerak. Tartean, Nafarroako, EAEko eta Euskal Elkargoko lehendakarien arteko bilera antolatu nahian aritu ziren Julio Soto, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus; futbolzalearen eta tabernariaren paperetik jardun ziren Julio Soto eta Agin Laburu; Xalbadorri kantatu zion Amets Arzallusek bakarka, eta bertsotan egingo zuen robota sortzeko lanetan aritu ziren Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Bertsoaldi horiek entzungai izango dira igande honetako programan.
Eta Ermua eta Arrasateko bertsoaldiak ere ekarriko dituzte pantailara: gorputzeko atal bana hautatzen arituko dira Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga; etxeko lanen inguruan ikuspegi desberdinak dituzten bi irakasleren larrutik entzungo dituzte Alaia Martin eta Andoni Egaña, eta zahar-etxe batean sartuko dira Oihana Bartra eta Maider Arregi.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EiTB Nahieranen.
.