Bitxikeriak -

AEB

30 zauritu West Point akademia militarrean, burkoen borroka batean

Urtero egin ohi dute burkoen borroka, udari agur esateko. Aurten, baina, hanka hautsi eta lepoa trokatu dute hainbat ikaslek.

Agentziak | Erredakzio

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero, burkoen borroka batekin esan ohi diote agur udari AEBko West Point akademia militarrean. Aurten, baina, 30 ikasle zauritu dira ekitaldi horretan, horietako batzuek objektu gogorrekin bete baitituzte burkoak.

The New York Times egunkariaren arabera, hanka apurtu eta lepoa hautsi dute hainbat ikaslek. Beste batzuek, bestalde, traumatismoa izan dute garezurrean. Borroka joan den abuztuaren 20an izan zen, baina aste honetan eman dute gertakariaren berri akademiak, Interneten gertatutakoaren hainbat irudi agertu ostean.

Orain mende bat baino gehiago hasi ziren urteroko borroka hori egiten, lehen mailako ikasleek antolatuta. Helburua udako entrenamenduaren bukaera ospatzea da. Akademiako bozeramaile batek azaldu duenez, ikasleei kaskoa erabiltzea eskatu ohi zaie, baina, badirudi aurtengoan batzuek ez dutela jantzi, eta arma bezala ere erabili dute, burkoaren barruan sartuta.

AEBko Armadako kide askok egiten dituzten beren ikasketak West Point akademia ezagunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak