Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Confebaskek 'adierazpen irmo' batekin erantzungo die ELAri eta LABi

Lujuak nabarmendu duenez, patronalak ez du sindikatu abertzaleak legez kanpo uztea eskatzen duen dokumenturik idatzi.

'Confebaskek ez du sindikatuen aurkako dokumenturik bidali'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak iragarri duenez, ostegunean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, erantzungo dio ELAk eta LABek egindako salaketari eta "adierazpen irmo" batekin bi sindikatuen ilegalizazioa eskatu duenik ukatuko du. LABek aurrena, eta ELAk, gero, Confebask EAEko enpresaburuen elkartea salatu zuten, Espainiako Gobernuari ustez igorritako dokumentu batean sindikatu abertzaleak legez kanpo uzteko "mekanismoak" eskatzeagatik. Lujuaren hitzetan, elkarrizketa soziala "izorratu" nahi duen "norbait" dago dokumentu horren atzean.

Rajoyren gobernuak Enpresa eta sindikatu elkarteak arautzeko estatutuen Dekretua aldatzeko proiektuaren zirriborroari Confebaskek egin omen dizkion  alegazioak dira ika-mikaren iturri. Besteak beste, elkarrizketa sozialean parte hartzen ez duten edo "estatutuetan formalki jasotako helburuak betetzen ez dituzten" sindikatuak legez kanpo uzteko "mekanismoak" eskatu ei dituzte EAEko enpresaburuek.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Confebaskek ez dio Espainiako Gobernuari "sindikatuen kontrako dokumenturik igorri". Izan ere, EAEko patronalaren buruaren esanetan, "sindikatuak estatu demokratikoaren oinarrizko elementuak dira. Ez dugu sindikaturik aipatu CEOEri bidalitako idatzian".

Sindikatuen salatutako testua LABen webgunean bakarrik ikusi duela kritikatu du Lujuak. "Eskertuko nuke nork eman dien edo zein iturritik jakin duten argituko balute; ez da nik babestuko nukeen idatzi bat, ez du Confebasken batzorde exekutiboak onartu eta, inondik inora, ez da CEOEri bidali dioguna", erantsi du.

Argitu duenez, "Espainiako patronalari igorritako testuan diogun bakarra da edozein araudi egiteko askatasun sindikalaren lege organikoan jasota dauden bermeak kontuan hartu behar dituela Espainiako Gobernuak. Ez dugu ezein sindikatu aipatu gure testuan, ez LAB, ezta ELA ere. Esan dezala LABek nork eman dion idatzi hori", agertu du haserre.

LABen webgunean eskegitako dokumentua Confebaskeko kideren batek egin ahal izan duen galdetuta, ezezkoa erantzun du Lujuak; "nik behintzat ez dut horren berri". "Garrantzizko zerbait negoziatzeko jesarri behar garen bakoitzean dokumentuak edo adierazpenak agertzen dira ", nabarmendu du.

LABen erantzuna

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorraren iritziz, Confebasken “jarrera” da “dokumentuari sinesgarritasuna ematen diona”. “Hor dago, beraz, arazoa”, gaineratu du.

Azpimarratu duenez, “arazoa” ez da LABek dokumentua argitara atera izana, “dokumentua hor dagoelako, ikusi egin delako, eta Jaurlaritzak berak sinesgarritasun osoa eman diolako”.

“Arazoa”, sindikatuaren ustez, Confebasken “jarreran” datza, dokumentu horren edukiari “sinesgarritasuna ematen baitio”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Confebask argazkiak