Ekonomia -

Lanbideren berrantolaketa

Lanbidek 918 egiturazko langile izango ditu, lehen baino 104 gehiago

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du urriaren 1ean indarrean sartuko den Lanbideren lanpostu-zerrenda.

Lanbide. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbide. Artxiboko irudia: EiTB
104 lanpostu sortuko dira Lanbiden

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren lanpostu-zerrenda onartu du eta, ondorioz, egiturazko 814 lanpostu izatetik 918 izatera pasatuko da; hau da, %12,77 gehiago.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, gaur onartutako Lanbideko lanpostu-zerrendak "berrantolatu egiten du Lanbideren egitura, erakunde autonomoa modernizatzeko, haren jasangarritasuna bermatzeko, eta euskal herritarrek enpleguaren eta prestakuntzaren arloan dauzkaten premiei erantzuteko."

Lanbideko lanpostu-zerrenda berria urriaren 1ean sartuko da indarrean eta, horren arabera, aurrerantzean bost maila profesional izango dira: Erantzukizun-lanpostuak, teknikariak, administrariak, lanpostu laguntzaile orokorrak eta mendeko langileak.

Halaber, langileen soldatak ere igo egingo dira eta euskal administrazio publikoko gainerako langileenarekin parekatuko da. Gainera, atzeraeragin-aldi bat ezarri du Eusko Jaurlaritzak (2011ko urtarrilaren 1era), Lanbideren lanpostu-zerrendaren aldaketaren ondorioz soldata-igoera dutenek atzerapenak eskatu ahal izan ditzaten.

Hala eta guztiz ere, berrantolaketa horren eraginez 200 langile inguruk soldata txikiagoa jasoko dute. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat bidali die sindikatuei eta bertan gaur egun Lanbiden ari den pertsona ororen soldata-maila mantendu ahal izateko konpromisoa jasotzen du, horretarako ordainsari osagarri bat ezarriz.

Zirriborro hori izango dute aztergai Lanbideren iraileko Mahai Sektorialean eta, akordio sindikala egonez gero, 215 pertsonengan izango du eragina.

Lanbide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egiturara egokituta, Jaurlaritzak amaitutzat ematen du 2010ean enplegu-politika aktiboen arloan hasitako transferentzia-prozesua; hain zuzen ere, orduan jarri zituen Espainiako gobernuak Euskadiren esku material-baliabideak, karrerako funtzionarioak eta ordura arte Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan lan egiten zuten langile lan-kontratudunak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Lanbide berriak