Ekonomia -

Isurien eskandalua

Renaultek 15.000 ibilgailu aztertuko ditu, isuri kutsagarriak tarteko

Ibilgailuon "iragazpen sisteman" doikuntzak egingo dituela azaldu dio konpainiak Segolene Royal Frantziako Ekologia ministroari.

Iruzurrik egin ez duela berretsi du Renaultek. EFE
Iruzurrik egin ez duela berretsi du Renaultek. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aztertu eta doitzeko asmoz, 15.000 ibilgailuren jabeekin harremanetan jarriko da aurki Renault enpresa, atzemandako isuri kutsagarri maila handiak direla eta. Hala iragarri dio auto-fabrikatzaileak Segolene Royal Frantziako Ekologia ministroari.

Ministroak RTL irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Renaultek berretsi dio ez duela iruzurrik egin, eta araudia betetzeko eginahalak egingo dituela.

Royalen esanetan, "ibilgailuon motorra behar den moduan doitzeko egun erdia behar da", hala, Renaultek berak 15.000 ibilgailuren jaberi deituko die, garajera eraman ditzaten.

Konpainiak ministroari zehaztu dionez, "iragazpen sisteman" egingo dituzte doikuntzak. Asmoa sistema hori ondo ibiltzea "bero handia dagoenean edo tenperatura 17 gradu azpikoa denean" ere.

Renault markako ibilgailuen isuriak gutxitzeko plana iragarri zuen atzo konpainiak.

Joan den astetik dago susmopean Frantziako auto-fabrikatzailea. Captur eta Espace modeloek isuri kutsagarri maila handiak zituztela egiaztatu zuten Frantziako Gobernuak antolatutako azterketa tekniko batzuetan. Volkswagen auzia lehertu zenetik, beste konpainia batzuek isuriak manipulatzeko saiakerarik egin ote duten jakiteko talde teknikoa osatu zuen Frantziako Ekologia Ministerioak.

"Marka gehiago nahastuta"

Hain justu, "isurien inguruko araudia betetzen ez duten beste auto marka batzuk ere" badaudela iragarri du ministroak, izenik aipatu ez badu ere.

Royalen hitzetan, Renaultek atzo egin zuen antzera, gainerako auto-fabrikatzaileek azalpenak emango dizkiote laster talde tekniko horri.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia argazkiak Eguneko albisteak