Ekonomia -

Aceria Compacta Bizkaia

Sestaoko ACB, berriro martxan

290 langileetako 140 hasi dira lanean. 12 orduko lanaldiak izango dira, larunbat eta igandeetan. Tapiak esan du baldintzak ez direla "egokienak", baina "lehen urrats bat" dela.

Arcelor Mittal ACB Sestao
Arcelor Mittal ACB Sestao
Sestaoko ACB gauerdian hasiko da lanean

1:32

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aceria Compacta Bizkaia (ACB) Sestaoko Arcelor Mittalen plantak gaur, hilak 9, berrekin dio jardunari, urte erdi baino gehiago geldirik egon ostean. Alabaina, asteburuetan baino ez dute ekoiztuko, eta 140 langilerekin, 12.000 bat altzairu tona hilean.

290 langileetatik 140 lanean hasi dira, ehun batek aurretiazko erretiroari helduko diote 61 urte betetzen dituztenean, eta beste 50 Enplegu Erregulazio Txostenak hartuak izango dira "berriz bat egiteko zain, merkatuak ahalbidetuz gero".

Lantegia Ikerketa eta Garapenean murgilduko da, eta baliabideak izango ditu ikertzeko eta balio erantsi handiko produktuak garatzeko, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso litzake.

Sestaoko ACBk jardunari berriz ekingo ziola iragarri zutenetik, abuztuan, langileei formakuntza eman diete, instalazioak prestatu dituzte eta materialaz hornitu dira.

Plantak asteburutan baino ez du ekoizpena egingo, 12 orduko lanaldietan, eta beste inon egiten ez dituzten produktuen 10.000-12.000 tona ekoitziko dituzte.

"Lehen urrats bat da"

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak onartu egin du Sestaoko ACB berrabiatzeko baldintzak ez direla "egokienak" baina "lehen urrats bat" dela.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Europa Pressek zabaldu duenez, sailburuak positibotzat jo du berriz "zabaltzea lortzea, ordezkaritza sindikalarekin adostutako baldintzetan".

"Lehen urrats bat da. Baldintzak ez dira egokienak ezta onenak ere, baina gure ustean, enpresa prest dago produktu berria egiteko, besteengandik ezberdintzeko eta merkatu berriak bilatzeko beharrezkoak diren inbertsioak egitera, eta epe laburrean lehen zeukan gaitasuna berreskuratu ahal izango du", ziurtatu du.

Halaber, azaldu duenaren arabera, Sestaoko plantak "errendimendu handian dabilen biki bat" dauka AEBn, hori dela eta, "etorkizuna" izango duen instalazioa dela uste du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak Bizkaia Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Burdingintza