Ekonomia -

Nafarroa

AFAPNAk ez du Nafarroako Hezkuntzako LEPko epaia betetzea eskatuko

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko euskarazko 100 lanpostuak bertan behera utzi zituen, AFAPNA sindikatuaren helegitea aintzat hartu ostean.

Lan Eskaintza Publikoko azterketa bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Lan Eskaintza Publikoko azterketa bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Lan Eskaintza Publikoko azterketa bat. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AFAPNA sindikatuak ez du Nafarroako Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko (LEP) euskarazko 100 lanpostuak bertan behera utzi zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia betetzea eskatuko. Beraz, bestelako helegiterik edo urratsik ez badago, "inork ez du ondoriorik jasango".

Lan Eskaintza Publikoan postua lortu zutenei lasai egoteko esan die, helegiteak jarrita ere "ezin baitzaio postua kendu lanpostua enplegu deialdi publiko batean lortu duenari", sindikatuaren esanetan. Hala ere, Foru Gobernuak epaiaren kontrako helegitea jarriko balu, "ziurgabetasun juridikoa" eragin dezakeela ohartarazi du; izan ere, prozesuak hainbat urte iraun dezake epai berria izan arte.

Sindikatuak azpimarratu duenez, ez du onartuko ehun lagunek beren lanpostua galtzea "Hezkuntza Departamentuak arduragabekeriaz eta irizpide politikoz jardun duelako". Gainera, Juan Carlos Laboreo AFAPNAko presidenteak azpimarratu du epaiak doktrina balioa duela.

Yolanda Erron AFAPNAko Hezkuntza arduraduna eta Esmeralda Landa aholkulari juridikoa alboan zituela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren inguruko balorazioa egin du Juan Carlos Laboreok. Bertan azaldu duenez, epaia Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariarekin eta Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarekin aztertu nahi du etorkizunera begirako konponbideak bilatzeko.

Laboreoren esanetan, egoera ez errepikatzeko balio beharko luke epaiak. "Pilota Gobernuaren teilatuan dago orain", erantsi du.

Bestalde, sindikatuaren aholkulari juridikoa prozesua dagoen tokian uztearen alde agertu da. Beraz, sindikatuak ez du helegiterik jarriko, ezta betearaztea eskatuko ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Nafarroa gaur Ekonomia berriak Albisteak Hezkuntza Lan Eskaintzak Nafarroako Auzitegi Nagusia gaur Irakasleak