Ekonomia -

Gasteiz

Hitzarmen duina eskatu dute Arabako kirol jardueretako langileek

Besteak beste, sorosleek, kirol monitoreek eta zaintzaileek osatzen dute kolektibo hori. Uztailaren 31ra arte egingo dute greba.

Igande honetan elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Argazkia: EFE
Igande honetan elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Argazkia: EFE
‘Jarraipen handia’ izan du kirol jardueretako langileen lehen greba egunak

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako kirol jardueretako kolektiboa osatzen duten langileek elkarretaratzea egin dute igande honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, eta "hitzarmen duina" eskatu dute. Ildo horretatik, negoziazioetan aurrera egiteko "patronalak jarritako interes falta" salatu dute.

Besteak beste, sorosleek, kirol monitoreek, atezainek eta zaintzaileek osatzen dute Arabako kirol jardueretako kolektiboa. Bertako igerileku publikoetan eta urtegietan lan egiten duten langileek igande honetan hasi dute greba, eta goizean izandako jarraipen zabala dela eta, Gasteizko Udalak Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak itxi behar izan ditu. Era berean, ezin izan dira erabili beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten kirol instalazioak ere; Lauka, Abetxuko edo Zaramagako frontoiak, esaterako.

Kirol jarduerak hitzarmen duinaren alde’ lelopean, Andre Maria Zuriaren Plazan elkartu dira kolektibo horretako langileak. “Lau zenbakidun kategorian sartzen diren langileek (atezainek eta zaintzaileek, besteak beste) orduko 6,22 euro irabazten dituzte, eta lana badute ere, soldata horrekin txiroak gara”, esan dute beharginek.

“Udako denboraldian lan egiten dugunok enpresaren esku gaude asteko egun guztietan, eta, eguraldiaren arabera, lanera gatoz edo etxean geratzen gara, dirurik irabazi gabe”, gaineratu dute langileek.

Kolektibo horretako beharginen esanetan, Gasteizko Udalak du gaur egun bizi duten egoeraren “erruaren zati handiena”. “Udalak aukeratzen dituen enpresek ez dute langileen baldintzak hobetzeko aukerarik, eta kasu askotan ez da sinatutako hitzarmena betetzen”, azaldu dute.

Gamarra eta Mendizorrotzako igerilekuak, itxita

Gasteizko Udalak Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak itxi ditu igande honetan, Arabako kirol jardueretako langileek deitutako greba dela eta. Bertako igerileku publikoetan eta urtegietan lan egiten duten sorosle eta monitoreek 08:00etan hasi dituzte lanuzteak, eta uztailaren 31ra arte egingo dute greba. Udalaren esanetan, “jarraipen zabala” izaten ari da, eta, hori dela eta, igerileku publiko gehienak ixtea erabaki dute.

Gasteizko Udaletik jakitera eman dutenez, Gamarrako ‘kirolklub’ zerbitzua bakarrik ireki dute; izan ere, bertako langileak ez dituzte grebara deitu. Bertan, jarduera desberdinak eskaintzen dituzte.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ostiralean iragarri zuten Arabako kirol jardueren sektoreko 450 langile lan-hitzarmen berria adostu ezinik daudela eta grebara jotzea erabaki dutela, uztailaren 23an hasi eta uztailaren 31ra arte. Zehazki, kirol monitoreen soldata % 1 eta sorosleena % 7 handitzea proposatu zien langileei patronalak.

GASTEIZ ARABA IGERILEKUAK EFE

Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak Gasteizko igerileku handienak dira. Grebaren jarraipen handia dela eta, beste zerbitzu batzuk ere  itxi behar izan dituzte igande honetan: Aldabe, Lakua, Judizmendi eta San Andres kiroldegietako igerileku estaliak itxi behar izan dituzte. Gainera, egun hauetan irekita dauden igerileku bakarrak dira horiek, besteetan urtero egiten dituzten mantendu lanak egiten ari baitira.

Era berean, egun osoan ezingo dira erabili Lakua, Abetxuko, Astronomoak, Zaramaga eta Adurzako frontoiak, ezta Ariznabarra eta Hegoalde kiroldegietako eskalada-murruak ere.

Gasteizko Udalak azaldu duenez, arratsaldeko lan-txandarekin grebak jarraipen handia duela aztertu ondoren, igerileku publikoak eta gainerako kirol zerbitzu horiek guztiak itxita jarraitzea erabaki dute.

Instalazio publiko horietan, 300 sorosle eta monitore inguru daude lanean, eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituen kiroldegiek eskaintzen dituzten zerbitzuez eta bertan antolatzen dituzten kirol jarduerez arduratzen dira.

Bittor Gonzalez LAB sindikatuko bozeramailea pozik agertu da grebaren lehen egunean izandako jarraipenarekin. Goizean datu zehatzik ematerik izan ez duen arren, jarraipenaren zenbatekoa aztertzen ari direla esan du.

Sindikatuek ondorengo "oinarrizko" aldarrikapenak egin dituzte: soldata duinak "kategoria prekarizatuenentzat", asteko egun guztietan errefortzu moduan dauden udako sorosleentzako ordaina eta soldata izoztua izan dituzten langileek galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzea. Sindikatuen esanetan, sektorean "egoera kezkagarriak" bizi dituzte, eta orduko 6,22 euro irabazten dituztela salatu dute.

Gamarra

Gamarrako igerilekua. Artxiboko argazkia: EiTB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Araba Grebak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak Kiroldegiak