Ekonomia -

LANA

Osasunbideako eta Osakidetzako langileen ratioa antolatzeko legea proposatu du LABek

Egungo osasun eredua 'eraldatu' nahi du LABek proposamen honekin, 'profesionalen lan baldintzetan eta pazienteen zaintzan ekitatea' sustatuz.

LABeko ordezkariak, 'Lorea' egitasmoaren aurkezpenean, gaur, Iruñean. Argazkia: LAB.
'Lorea' ekimena aurkeztu du LABek. Argazkia: LAB
LABeko ordezkariak, 'Lorea' egitasmoaren aurkezpenean, gaur, Iruñean. Argazkia: LAB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak 'Lorea' izeneko egitasmoa aurkeztu du, gaur, Iruñean, Osakidetzan eta Osasunbidean abian jarri duen ekimena.

Hego Euskal Herrian osasungintza publikoan lanean ari diren "langileen ratio asistentzialak ordenatzeko lege bat egitea" proposatzen du sindikatu abertzaleak, eta bide horretan, 'Lorea' egitasmoa eztabaidarako tresna bat izatea nahi dute.

"LAB sindikatutik eztabaida bat ireki nahi dugu jendartean, behar dugun osasun ereduaren inguruan. Horretarako, proposamen ireki bat egiten dugu egungo eredua berriz pentsatzeko eta erronka batzuk markatzeko, etorkizunean asistentziaren eta lanaren kalitatea ziurtatuko dituztenak", esan dute sindikatuko ordezkariek.Lege aitzindaria da LABek proposatzen duena, eta "enplegu duin eta egonkorra ziurtatzea" du helburu, "pribatizazioen mehatxuen aitzinean gure osasun zerbitzuak blindatuko dituena".Eider Casanova LABeko kideak aurkezpenean esan duenez, 'Lorea' egitasmoaren ardatzak ondorengoak dira: "lan kargen bidezko banaketa zehaztea, langileen egonkortasuna bermatzea, behin-behinekotasunarekin eta kontratu prekarioekin bukatzea, eta politika, antolakuntza edo sasoiko irizpideen menpe ez dagoen arreta ziurtatzea".

Egungo osasun eredua "eraldatu" nahi du LABek proposamen honekin, "profesionalen lan baldintzetan eta pazienteen zaintzan ekitatea" sustatuz.  Bihar Bilbon aurkeztuko dute ekimena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB albisteak EAE Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasunbidea