Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Bilboko TAOko greba bukatu da 2018ko otsailaren 13an

Ekonomia

Lan-gatazka

Bilboko TAOko langileek aurreakordioa onartu eta grebari amaiera eman diote

Agentziak | Erredakzioa

2018/02/13

Urtarrilaren 2an abiatutako greba amaitzea erabaki dute langileen artean bozketa egin eta hala erabaki ostean.

1:12
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilboko TAOko langileek zerbitzua kudeatzen duen konpainiaren (Eysa-Cycasa) zuzendaritzak eta enpresa batzordeak atzo, astelehena, lortutako aurreakordioa onartu dute gaur, eta urtarrilaren 2an abiatutako grebari amaiera eman diote.

Langileen asanbladan 93 langilek parte hartu dute; horietatik 50 akordioaren alde egin dute, 38 aurka eta sei abstenitu dira.

Hori horrela Bilboko TAOko langileak bihar, asteazkena, itzuliko dira lanera; hala ere, zerbitzuak ez du martxa hartuko TAOko makina guztiak erabilgarriak egon arte.

Ildo horretan, datozen hamar egunotan "hiriaren erdigunean normaltasuna" nagusi izatea espero duela esan du Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak.

Grebak 1,5 milioi euro inguruko galerak eragin dizkio Bilboko Udalari, enpresa batzordearen datuen arabera.

Aurreakordioaren baldintzak

Zuzendaritzak abenduan kaleratutako zazpi lankideak berriro kontratatuko ditu, baina bi hilabetez enplegurik eta soldatarik gabe zigortuko ditu.

Bestalde, adostu dute 2010ean sinatutako lan-hitzarmena 2020ra arte luzatzea. Ildo horretan, sinatutako akordioa indarrean egongo da horren ordezkoa sinatu arte; horren harira, sindikatuek eta zuzendaritzak adostuta soilik aldatu ahal izango dute lan-hitzarmeneko edukia.

Langileen soldata igoeraren harira, soldataren KPIren adineko aparteko ordainsari bat ezarri dute, baldin eta, Bilboko Udaleko baldintza-agirian  ezarritako irizpideak betetzen badituzte, bestela, soldata izoztuko zaie.

Horrez gain, greba bitartean egindakoagatik diziplina-neurririk ez hartzeko konpromisoa hartu du enpresak.

Era berean, aldageletan aldatzeko aurreikusitako denboraren truke udatik kanpo hartzeko astebeteko oporrak izango dituzte langileek.

Langileen arteko tirabira

"Asanbladaren emaitza estua" izan dela onartu du Javier Escobar enpresa batzordeko (ELA sindikatukoa) presidenteak. Bestalde, hainbat gauza negoziatu gabe gelditu arren "akordio ona" adostu dutela uste du.

Ildo horretan, "sentimendu nahasiak" izan direla esan du, langileen zenbait aldarrikapen lortu baitira, baina beste batzuk "agian ez ditugu lortu".

Kaleratzeak gauza gehiago lortzeko traba izan direla esan du; "hori izan da gure bidesaria", gaineratu du.

LAB sindikatua izan ezik gainerako guztiek aurreakordioa babestu dute.

Sindikatu abertzalearen ustez, akordioak erosteko ahalmena gutxitzen du. Halaber, enpresak kaleratutako langileak baldintzarik gabe berriz onartzeko eskatzen zuten, eta ez da horrela izan.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena