Ekonomia -

Lan istripua

Langile bat hil da Arrigorriagako industrialde batean lan istripua izan ostean

Gizona Gurutzetako Ospitalean hil zen, Txako industrialdean objektu astun batek jo eta ordu batzuetara.

Txako industrialdeko Conformados Facme galdaragintza enpresa. Irudia: Google Maps
Txako industrialdeko Conformados Facme galdaragintza enpresa. Irudia: Google Maps
Txako industrialdeko Conformados Facme galdaragintza enpresa. Irudia: Google Maps

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

51 urteko gizon bat hil da Arrigorriagan (Bizkaia), Txako industrialdeko Conformados Facme galdaragintza enpresan izandako lan istripu baten ondorioz.

Istripua otsailaren 21ean, asteartea, gertatu zen. Bularrean objektu astun batek jo zuen langilea. Teknikariak lanean ari dira istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Biktima Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zuten, eta ordu batzuk geroago hil zen.

Ohar batean, ELAk azaldu du hildako langileak 22 urteko antzinatasuna zuela konpainian. Objektu astunak sabela jo zion.

Enpresa asteazkenean eta ostegunean itxita egongo dela adierazi ostean, aurten Hego Euskal Herrian izandako zazpigarren lan-heriotza dela zehaztu du. Gainera, gogorarazi du astelehenean istripu larri bat gertatu zela Tubos Reunidosen, eta bi langile zauritu zirela. Horietako batek ZIUn jarraitzen du, larri.

Sindikatuak adierazi duenez, Arrigorriagako istripuari buruzko datu gehiago biltzeko lanean ari da, baina salatu duenez, "berriro ere prekarietatea eta prebentzioaren alorrean enpresaburuek inbertsiorik ez egitea dira laneko istripu hilgarrien arrazoiak".

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak "borondaterik eta bitarteko eraginkorrik ez" duela "benetako gaitz sozial horri aurre egiteko, hau da, lan-istripuei aurre egiteko".

Azkenik, sindikatuak doluminak eman dizkie biktimaren senide, lagun eta lankideei, eta gertatutakoa salatzeko eskualdean egingo diren ekitaldiekin bat egingo du.

Bestalde, LAB sindikatuak langilearen heriotza deitoratu du, eta istripuaren ezaugarriak aztertuta, langilea "enpresak makinen araudia ez betetzeagatik" hil dela esan du.

Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, langile hori manipulatzen zuen prentsa-pieza bat proiektatzeagatik hil da, eta horrek "segurtasun-baliabiderik eza agerian uzten du". "Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusita egon behar dira eta horietako bakoitzerako neurriak hartu behar dira; makina guztiek printzipio horiek bete behar dituzte, eta zaharrak izan arren, egokitu egin behar dira; hori enpresaburuaren erantzukizuna da, eta hala adierazten da araudian", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Arrigorriaga Albisteak