Gizartea -

Gaztetxea

Hiru urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute Kukutzan atxilotuentzat

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak manifestazioa deitu du ekainaren 6rako, auzipetuei elkartasuna helarazteko eta Udalaren jarrera salatzeko.

Kukutzaren itxieraren ostean istiluak izan ziren. Argazkia: EiTB
Kukutzaren itxieraren ostean istiluak izan ziren.
Kukutzaren itxieraren ostean istiluak izan ziren. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalak 22.080 euroko isunetik hasi eta 3 urte arteko kartzela-zigorra eskatu du 2011ko irailaren 21etik 23ra, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea itxi zutenean atxilotu zituzten 80 lagunetako 23ren kontra, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak jakitera eman duenez.

Aipatu taldeak manifestazioa antolatu du ekainaren 6rako, Bilboko udaletxetik hasi, epaitegietatik igaro, eta Sabin Etxera arte. Mobilizazio horren bitartez "inputatutako, zauritutako, identifikatutako eta atxilotutako pertsona guztiei" babesa helarazi nahi diete, eta EAJren Udalaren jarrera "errefusatu".

Kolektiboak azaldu duenez, usurpazio delitua Gaztetxea "okupatzeagatik" leporatu diete, eraikina Cabisa enpresarena baitzen. Kukutzaren Elkartasun Taldeak salatu duenez, enpresa hori "higiezinen iruzurragatik epaitu dute" eta "gaur egun" oraindik ez dute ezer eraiki Kukutza zegoen lur-sailean.

Autoritatearen kontrako delitua leporatzen dietenen kasuan, akusazioa "Poliziaren neurriz kanpoko jarrera makillatzeko txosten kontraesankorretan" oinarritu direla uste dute. Horren harira, Gaztetxea itxi zuten egunetan Ertzaintzaren kolpeen ondorioz zauritutako ehunka lagun ospitaleetan izan zirela gogorarazi dute.

Azkenik, autoritateari erresistentzia leporatzen dieten batzuk ere badaude, eta Kukutzaren aldeko taldeak dio "interes kulturalak eta sozialak, interes politikoen eta pribatuen aurrean defendatzeko" jo zutela erresistentziara, eta Ertzaintzaren erantzuna "neurriz kanpoko indarkeria" izan zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea