Gizartea -

Indarkeria matxista Laudion

Eusko Jaurlaritza: 'Neurriek ez dute nahi genuen eragina izan'

Legebiltzarreko talde guztiek hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute. Indarkeriaren kontra indar handiagoz lan egitea eskatu du Arartekoak.

Legebiltzarkideek minutu bateko isilunea egin dute, Amagoia Lezkanoren omenez. EiTB
Legebiltzarkideek minutu bateko isilunea egin dute, Amagoia Lezkanoren omenez. EiTB
Legebiltzarkideek minutu bateko isilunea egin dute, Amagoia Lezkanoren omenez. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Amagoia Elezkano 26 urteko emakumearen hilketa gaitzetsi du, hain zuzen ere, ustez, senarrak hil du gaur goizaldean, Laudion (Araba).

Osoko bilkuraren hasieran, Juana Iturmendi popularrak legebiltzarkide kargua hartu du, eta aurrerantzen Antonio Basagoitik utzitako hutsunea beteko du. Bakartxo Tejeria presidenteak Ganberaren gaitzespena adierazi du, eta, seg¡dan, legebiltzarkideek minutu bateko isilunea egin dute.

Ondoren, Legebiltzarreko talde guztiek hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute. Bertan, ''gaitzespenik gogorrena'' adierazi dute gaurko hilketaren aurrean eta ''emakumeen kontrako eta sexu-diskriminazioa sustatzeko indarkeria-adierazpen ororen aurrean''.

Halaber, ''berdintasunaren alde konpromiso pertsonalak eta talde  konpromisoak hartzera'' deitu dituzte herritarrak, ''emakumeen kontrako indarkeria ekintza gehiagorik egon ez dadin''.

Aburto: "Zerbait huts egiten ari da"

Eusko Jaurlaritzak ''gaitzespenik bortitzena'' plazaratu du Amagoia Elezkanoren heriotzaren harian, eta hilketa hori salatzeko deitutako elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Halaber, Orozkon deitu duten elkarretaratzean Estefania Beltran de Heredia Segurtasuna sailburua eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria izango direla aurreratu du.

Jaurlaritzak bere babes osoa helarazi die Amagoiaren senitartekoei eta ingurukoei, eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeei egoera salatzeko deia egin die.

Azken hamarkadan genero indarkeriaren kontrako neurriak hartu badira ere, "ez dute nahi genuen eragina izan", eta horregatik, zerbait "huts egiten" ari dela uste du Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak.

"Azken hamarkadan ahalegin handia egin da berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren kontra", adierazi du Aburtok. Horren ustez, gizarteak hausnarketa egin behar du; izan ere, "neurri prebentiboek ez dute esperotako eraginik izan".

Aburtok egindako ibilbidearen garrantzia nabarmendu du: "Hori egin ezean, genero indarkeriaren kasu gehiago leudeke Euskadin".

Indarkeriaren kontra indar handiagoz lan egitea eskatu du Arartekoak

Iñigo Lamarca Arartekoak ere gaitzetsi egin du Amaia Elezkanoren hilketa, eta emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontra ''indar handiagoz'' lan egitea eskatu die euskal erakundeei. Lamarcaren hitzetan, ''ezinbestekoa da indarkeriaren arrazoiak ezagutu eta horiei aurre egitea, bai arrazoi kultural orokorrei eta baita arrazoi zehatzei ere''. Horregatik, ''biziaren kontrako atentatu bortitz hau'' eragin duten arrazoien azterketa ''ireki eta sosegatua'' egitera deitu ditu erakundeak

Diputatuen Kongresuak adierazpen bat onartu du

Genero indarkeriaren biktimei babesa emateko eta horien tragedia ez ahazteko, adierazpen instituzional bat onartu dute gaur Diputatuen Kongresuan. Jesus Posada Madrilgo Ganberako presidenteak irakurri du adierazpena.

48 ordutan hiru emakume hil dituzte Espainiar estatuan, eta Diputatuen Kongresuak babesa eta elkartasuna adierazi die hildakoen familiei eta lagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Ararteko albisteak Laudio Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea