Gizartea -

KILOMETROAK 2013 , TOLOSAN

Joxean Oiz: 'Datorrenak, gozatuko du'

Joxean Oiz Laskurain ikastolako lehendakariak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Tolosara joateko gonbita egin die euskaltzale guztiei, 'ondo pasatzeko aukera ikaragarria' dagoelako.

Urriaren 6an, igandea, ospatuko da Gipuzkoako Ikastolen jaia Tolosan.
Urriaren 6an, igandea, ospatuko da Gipuzkoako Ikastolen jaia Tolosan.
Jendetza bildu da Gipuzkoako ikastolen aldeko festan

3:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abian da Kilometroak 2013 jaia, Gipuzkoako ikastolen aldeko egun handia. Tolosan da aurten hitzordua, Laskorain ikastolak antolatuta, "Ahora!" lelopean.  Joxean Oiz Laskurain Ikastolako zuzendariak Euskadi Irratian esan duenez,  gaur Tolosan "gozatzeko aukera ikaragarria aurkituko dute euskaltzaleek.  Ederdi pasatzeko aukera, adin guztietako jendearentzat". "Hitz ematen dut urte osoko ahaleginak fruitua emango duela eta datorrenak gozatuko duela", gaineratu du.

Ekitaldi ugari izango dira egun osoan zehar, besteak beste, kontzertuak, herri kirol erakustaldiak eta tailerrak.'Adin guztietako ekitaldiak antolatu ditugu; gazteentzat, txikientzat, helduentzat ... Ez dago aitzakiarik, datorrenak, gozatuko du", esan du Oizek.

Aurten batutako dirua, Laskorain ikastolarentzat azpiegitura berriak egiteko erabiliko da. Izan ere, azken urteotan, ikaragarri hazi da ikasle kopurua, eta leku arazoak dituzte.  Egun, 1.500 ikasle inguru ditu Tolosako ikastolak.

Aurtengo edizioan, gainera, berrikuntzak topatuko ditugu. Izan ere, Erronka izeneko txapelketa bat antolatu du Laskorain ikastolak. Bertan, Gipuzkoako 21 ikastolek proba desberdinetan hartuko dute parte. 10 pertsonako taldeak izango dira, eta Edurne Pasaban, Oihan Vega, Nerea Alias edo Abraham Olanoren gidaritzapean arituko dira. Txapelketako irabazleek 2.000 euroko saria lortuko dute.

Festaren atal nagusiak, zirkuituak, zazpi kilometro izango ditu, eta bost gune handi eta sei txikitan banatuko da. Zirkuituan zehar sei eszenatoki egongo dira, eta horietan Vendetta, Gatibu, Gose, Hesian eta beste hainbat talderen kontzertuak eskainiko dira.

Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute antolatzaileek. Hori dela eta, Renfek zerbitzu bereziak antolatu ditu iganderako. Guztira 79 tren ibiliko dira egun osoan zehar Tolosara joan-etorrian, eta 86.000 bidaiarirentzat lekua izango da. 09:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 22:00etara, 15-20 minutuko maiztasunarekin zirkulatuko dute Renferen trenek, eta Tolosako geltokian soilik geldituko dira; izan ere, Tolosa erdialdeko geltokian ez da trenik geratuko 08:30etatik 22:00etara bitartean. Bestalde, autoz doazenentzat 2.500 aparkaleku antolatu ditu Laskorain ikastolak.

Eguraldiari dagokionez, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egunaren lehen partean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta hodeiek euri pixka bat utzi dezakete. Arratsaldean, ordea, haizea ipar-ekialdera joango da, atertuz joan eta ostarteren bat azalduko da. Termometroak 15-20 graduren bueltan izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea